2020-12-09
Sotana zuriak
Sotana zuriak –
Doinua: Haurrak zirela hazi nituen
1-Erdiaroko izurriteetan
maisu zen elizgizona
beldurrak beti bilatzen baitu
ziurtasunaren sona
sotana beltzak zuritu dira
zenbakiz bete da dogma
joko ez badugu horma
zientzialarien norma
obedientzia zorna
dirudienez ahaztu zaigu
halakoa da pertsona
Zientziari kasu eginez
iritsi garela hona.
2-Aurrerapena, teknologia
zientzi-dialektika
labe garaiak, burdinbideak
industriaren epika
basoak bota, porlana jarri
hazkundearen metrika
ahaztu zaigu apika
saldu dugula etika
zientziak oniritzita
lehenengo gaitza saltzen digute
eta ondoren botika
Ipuina erosi dienak
dena dauka merezita.
3-“Kolektiboa arriskuan da
bete dezagun ordena”
Linda Zinnerman Holokaustoan
hilaren adierazpena
hara zein arin ahazten zaigun
lehengoen irakaspena
mafiosoen eskema
mehatxatu ahulena
beldurtzeko kapaz dena
arriskatuta sufritu ohi da
hartu-emanaren dema
baina otsoen konplizea da
arriskatzen ez duena.
4-Zientziaren maitalea naiz
horregatik kritikoa
zientziaren gobernua da
distopia zinikoa
zalantza baita zientzi-zutoin
epistemologikoa
mundu teknokratikoa
batadun fanatikoa
da bonba atomikoa
Ai! enpirista hotz, karratua
Horren zara praktikoa!
Angelu hil handia duzula
da Deontologikoa.