2023-06-21
Solemnitatea
Solemnitatea
Bat-bateko bertsogintzak osagai tradizional guztiak ditu, espresiobide solemnetzat hartzeko. Katarsi neurtua, isiltasuna, testuinguru soila, presentzia. Berezkoa du hori: helburu artistiko-sozialak dituenean (hau da, bertso-saio batean, jaialdi batean, txapelketa batean) baldintza horiek betetzen dira. Hori da sekula saio bat ikus-entzun ez dutenek diotena, lehenengo aldiz ikus-entzundakoan. Edo saio bat ikus-entzun bai, baina kantagai den hizkuntza, euskara, ez jakiteagatik ulertzen ez dutenen komentarioa, hainbat eta hainbat aldiz entzun izan duguna, jarduna eremu soziolinguistiko zehatzetan egin dugunok: “ez dut ezer ulertzen, baina zein ederra den egiten duzuena. Publikoaren isiltasun hori, ahotsa bakarrik airean, kantatzeko modua… momentua bizitzeko modu hori dut gustuko”. Solemnitatearen definitze-modu hoberik ba ote?
Horren eraginez du hainbesteko lekua bertsogintzak helburu artistiko-sozial soiletatik haratagoko ekitaldietan. Berez solemnetzat dugulako da osagai arrunta era guztietako omenaldi, inaugurazio, ekitaldi instituzional eta urteurrenetan. Ondo itsasten da txalapartarien, hizlarien, bibolin-joleen jardunarekin. Iritzi zabaldua da bertsolari batez ere gazteen artean (normala, beraiei egokiarazten diegu sarri guk egin nahi ez duguna) era horretako saioei saio-marroiak deitzea. Konpromisozkoak, beste inor animatzen ez bada soilik baiezkoa ematekoak.
Bada, Piter Ansorenak errepaso galanta ematen dio, Kepa Matxainek Sakoneta podkast-gunean egindako elkarrizketan, gauzak solemne eginaraztearen -keriari. San Sebastian egunaren eta Donostiako danborradaren azken hamarkadetako joera du abiapuntu, baina aipatzen ditu txistularitza eta beste hainbat kontu ere; azken finean, kultura popularraz dihardu, eta eta solemnitateranzko joerak adierazpide herrikoiei egiten dioten kalteaz.
Ez da hau lekua bertsogintzak historian prozesu hori bizi izan badu (baiezkoan nago) nola bizi izan duen aztertzeko. Basarri, Euskaltzaindia, txapelketak… Lan polita dago hor. Hari bakarrari tira eginda, Ansorenak une batean aipatzen duen marra fina dakart hona: marra fina dagoela, alegia, ekitaldi solemne batetik ekitaldi erridikulu, kaskar batera. Zerbait solemne bihurrarazi nahi izatea arrisku-kirola da; eta ekitaldi solemne batera ondo egokitzea, uste baino zailagoa. Saio-marroiak ez dira marroiak, bertso bakarraren (asko jota biren) konpromisoa soilik eskatzen dutelako: bertsorik konplikatuenak eskatzen dituztelako ere badira nahikoa marroi. Miresmen osoa, horrelakoetan hitz, esaldi, ideia zehatza jartzea asmatzen duzuen bertsolarioi.