Boz goran pentsatzeko plaza jarri didate beraz. Zenbaitek kontrakoa usteko duen arren, errespetua ematen dit hitza publikoki erabiltzeak.
Soiltasuna –
Hegelek trufa egiten zion Schellingi formakuntza-prozesua jendaurrean egin zuelako, goizegi hasi zelako publikatzen artean sistema sendorik ondu gabe. Izan ere, formatzea beharrezkoa da eta oso ondo dago, baina pribatuan, ze formatzeak oraindik amorfoa zarela esan nahi du. Hitzaren erabilera publikoak, berriz, forma bukatuak eta egituratuak eskatzen ditu. Alegia, pentsatzea kontu intimoa dela, eta norbere parte intimoak ez dela komeni izaten hortik jende guztiari erakusten ibiltzea, egin behar dena dela lehenbizi pentsatu eta boza altxatu gero. Tamalez bertsotan ez dago publikatu aurretik guztiz pentsatzerik, ezta guztiz formatzerik ere. Neurriek, doinuek eta errimek eragiten duten hertsadurari erreparatuta paradoxikoa badirudi ere, bertsolaria konstitutiboki amorfoa da. Era berean, une oro ari da jendaurrean formatzen, Schelling bezala.
Aitor Sarriegik esana da estiloa zabartzeak ekarri ziola arrakasta: errima lasatzeak, korapilo handirik gabeko edukia emateak, gauza popularrak eta eskuragarriak egiteak, elitista izateari utzi eta herri xehea bizi den mundura jaisteak eta denoi gertatzen zaizkigun bizitzako gauzei buruz denok hitz egingo genukeen moduan hitz egiteak. Prozesu hori egin ondoren baizik ez zuen lortu Gipuzkoako txapelik eta Txapelketa Nagusiko finalerako txartelik.
Noizik behinean idazle ohoretsuen estilo argiari buruz pentsatzen dut. Elkarrizketatzaile imajinario bat dago idazle ohoretsu imajinario bati galderak egiten, nolakoa izaten den bere egunerokoa, zer gogoratzen duen haurtzaroaz, ze iritzi duen hontaz eta hartaz eta zergatik idazten duen hain ondo. Orduan, idazle ohoretsu imajinarioak pentsalariaren keinua egiten du eta esaten dio soiltasuna, Klaudio, zenbat eta soilago hobeto, horixe ikasi dut urteokin. Ondoren, bere lehenengo poesia liburu imajinarioak idatzi zituenean ez zekiela idazten dio, eta horrexegatik idazten zuela haur imajinario batek taberna baten erdian, helduz inguratuta, mahai gainean tente jarri eta sexu-iradokizunak dituen txistea kontatzen duenean moduan, literatur kritiko imajinarioek begiratu ziezaioten eta pentsa zezaten hara, haurra bixia duk, haur horrek bazakik, nahiz eta berak ez zekien. Nolanahi den, gerora irakurri zituen klasikoak edo irakurrita zeuzkan eta berrirakurri egin zituen, baina lehen aldiz irakurri izan balitu legez izan zen, eta idazle ohoretsu imajinarioak pentsatu zuen: soiltasuna, Klaudio. Egiaz, idazten bukatu duen bezala hasi izan balitz idazten, joan ziren pikutara bere pagotx literarioak. Balio duena delako soil idaztea jendeak badakienean lehenago katramilan ibili zinena, barrokoan aditua zaren arren estilo neoklasikoa hautatu duzula zure panteoia zizelkatzeko eta lasai hiltzeko eta nahi duzuna dela han egotea, ondo lasai eta ondo hilda.
Irati Jimenezek ere Begiak zabalduko zaizkizue saiakeran aldarrikatu zuen: idatzi normal. Bertsolariak pentsa lezake: normal kantatzen ez dudan artean ez didate emango txapelik. Edo, burugogor jaiki den kasuan: txapelik ematen ez didaten artean ez dut kantatuko normal.
Ilustrazioa: Txema Gartzia, B123. alea