2019-02-18
Sentitu, (pentsatu), ekin
Sentitu, (pentsatu), ekin –
Horixe erakutsi digute gure pailazo maiteek. Jakintsuak haiek. Ados, umeentzat bai. Ondo dago hori. Baina gu arin bizi gara, arinegi. Fast food, fast life. Fast and furious. Akzio jendea gara gu. Sentitu (hori astirik izan barik ere egiten dugulako, nahi gabe) eta ekin. Sentitu eta ekin. Ekin. Batez ere ekin. Pentsatzeko, denbora behar da. Askotan behatzetako azazkalak mozteko ere denborarik ez badaukagu, zelan izango dugu pentsatzeko denbora? Gainera, pentsatu zertaz, zertarako? Gauzak berez doaz aurrera, bagoaz, aurrera, bizitzak eramaten gaituen lekutik.Zer gehiago behar da, ba? Gauzak sinpleak dira. Pentsa dezatela pentsalariek, intelektualek. Haiek denbora dute, ez dute beste zereginik eta. Gu, bizi.
Lehen gehiago pentsatzen zela uste dut. Tarte gehiago genuen pentsatzeko: autobusean gindoazela, kaletik oinez, norbaiten zain geundenean, ikasten egon beharrean burua beste edonon genuenean. Tarte horiek ere desagertu eta horietan Spotify, Twitter edo Whatsapp ditugu lagun. Ez dezagun deskuiduan behar baino gehiago pentsa.
Sormenerako beharrezkoa da asperdura. Aspertu gabe nekez sortuko dugu. Eta hutsunerik gabe nekez aspertu. Sormena ez bakarrik sormen artistiko gisa ulertuta, denok ez dugu eta zertan artistak izan. Sormena izan daiteke astebururako plan eder bat, herri-proiektu baterako ideia edo lagun bati urtebetetze egunerako egin nahi diozun eskulana.
Sentitu, pentsatu eta ekin. Pentsatu. Niri bertsoak eman dit askotan pentsatzeko aukera. Edo derrigortasuna. Gai bat entzun eta horri buruz sakon ez dudala inoiz pentsatu konturatzean, adibidez. Saiotik bueltan kotxeko irratia nahita amatatu eta pentsatu. Zer uste dut nik honetaz? Zer sentiarazten dit? Zer pentsatzen dut? Eta, ondorioz, zer esango, egingo edo aldatuko dut?