2021-10-05
Sei
Sei –
Beti izan naiz bakoiti zalea, edo bikoitia izatekotan, bi edo lau, edo asko jota zortzi; baina, sei zenbakia ez da inoiz nire gustukoa izan. Mugikorren lehenengo zenbakia delako agian, izan daiteke adin horretan lurrean egotetik mahaietan jesartzera pasatzen direlako umeak eskolan, edo sobran ditudan kiloak ekartzen dizkidalako gogora. Bosnaka kontatzen duen pertsona bat izanik , sei ez da hamarreko baten erdia, baina, hamarreko osora heltzeko ere asko falta zaio; edo izan daiteke, bertsotan sei puntutik gorako bertsorik ez dudalako abesten, edo sei puntu beste ateratzeko kapaz ez naizela pentsatzeak ere asko egin dezake. Eta bueno, zintzoa izanda, txapelketako kanporaketetan sei aulki huts ikusteak korapiloa estutzen dit sabelean, zer esanik ez papertxoaren barruan sei zenbakia ikusten dudanean idatzita…nahiago nuke buelta emanda bederatzi bat balitz eta kantuan irten behar ez banu.
Itxarotea ez zaigu askorik gustatzen, dena nahi izaten dugu atzorako, bidaiatzeko orduan aukerarik laburrena, bi hegazkinen arteko eskala nahiago dugu korrika egin, sarri galdu ere bai, ordu beteko itxaronaldia izan baino. Berdin supermerkatuko ilaran, laburrena hartu arinago egiteko eta gero aurreko bezeroaren produkturen bat txarto dagoelako gehiago itxaron behar izaten dugu, edo errepidean beste ilara luzeagoa izan arren zu jarri zaren horretan astiroago mugituko dira kotxeak. Txapelketan seigarren aulkian jartzea tokatu izan zaidanean autopistan ilara baten nagoela imajinatzen dut, albokoak eta aurrekoak mugitzen ikusten ditut eta nik ostera, kotxea itzali egiten dut itxaroteko, “orain ere itxarotea, agurretik lehenengo ofiziora bertsotan ahaztuko zait, eta zer esanik ez kartzelan, izoztu egingo naiz”. Bai, mezu baikorrak bidaltzen dizkiot neure buruari txapelketan.
Eta bueno, badator txapelketa. Neure buruak ere sinesten ez duen arren, aurreko fasean ipurdia seigarren aulkian jarrita nuela kantatu nuen, eta hemen banago esan daiteke ez zela horren txarto joan. Horrek ez du esan nahi papertxoa zabaldu eta sei zenbakia ikusten dudanean korapiloa ez zaidanik estutuko, baina zoria zoria da, eta loterian ere edozein zenbaki tokatu daiteke; hori bai, bakoitia bada, hobeto.