2022-02-01
Sasi-sare
Sasi-sare –
Pasa da urte berriaren lehenengo hilabetea, asko gimnasio berri batera apuntatuta hilabetez, dietako jarraibideak hozkailuan eskegita lau astez, edo estankoko saltzaileak ikusi ez dituenak, baina, lagunei zigarroak lapurtzen dabiltzanak 27 egunez gutxi gora behera. Espero dut denok ondo egotea, eta egon lasai, otsailari egun batzuk baino ez zaizkio falta heltzeko eta hozkailua lehengoa izango da berriro ere.
Azken egunotan sare sozialetan hainbat sarrera irakurri ditut geure buruari jarritako helburu edo urte berrirako asmo horien harira. Sasimediku, sasijakintsu, sasi-influentziadunak, antza asko dakitenak, jarraitzaile kopuruarekin batera jakintza bereganatzen dutenak dira post hauen egile. Eta beldurra ematen du zenbat dauden pentsatze hutsak. Batzuk, asmoen alde haien iritzia tinko emanez “garrantzitsua da bizitzan helburu batzuk izatea, aldaketak egiteko argi izan behar dugu zer nahi dugun lortu…” eta horrelako hamaika sarrera igotzen dituzte sareetara. Pentsa aplikazio bat ere badago, goizean ohetik esnatu, limoi ura edan, ohea egin, kirola, etxea garbitu eta lanera joan aurretik hainbeste gauza egiteko antolatzen laguntzeko aplikazioa. Goizeko 7etarako dena eginda, aplikazioan sartuta eta produzitzeko bidean poz-pozik joateko aplikazioa. Besteak, ostera, aplikazio eta xedeen kontra agertuz, datorrena datorrela hartu eta gorputzari entzun behar zaiola diotenak, astean Yoga hirutan egin eta sentitzen duguna elikatzea bultzatzen dutenak.
Eta hainbeste sasi-jakintsuren iritzi artean eta mugikorraren aurrean galdutako denboraren ostean, neure buruari begira jarri eta helburuak betetzen ari naizen galdetu diot: ari al naiz?
Nire aurtengo asmoak ez dira gorputzarekin borroka egitekoak, edo sareetan elegante ateratzearekin lotutakoak. Aurten, bertsotan hobetzeko hautua egin eta momentuz birritan baino ez naiz joan bertso eskolara, ideia aldetik ere ez dut marabila handirik lortu, errimentzako koaderno polita berri-berri dago apalategian, telefonoak ez du jo saio baterako dei edo mezutxo batekin.
Bueno, yoga egingo dut astean hirutan, eta otsaila gainean denez, nire hozkailua , errimategia eta doinutegia, lehengoak izango dira, presio gutxiagorekin baina hobetzeko asmoz, telefonoak otsailean noiz joko.