Aratz Igarzabal
Aratz Igarzabal

2017-02-08

Santa Ageda bezpera Gabirian

Santa Ageda bezpera Gabirian

Ez da asterik onena izan bertsolaritzaren familian, Jon Azpillaga bertsolari eta gizon handia hil baita. Dihoakiola besarkada bat dagoen lekura! Dagoeneko joandako bere beste bertso lagunekin egingo zuen saio koxkorren bat.  Hilabete honetako idatzia bere oroimenean.

Gabirian urteroko ohitura da eguberrietan etxez-etxeko eskean ateratzea.Egun osoa baserriz-baserri kantuan. Santa Ageda bezperako eskea ordea, aste barruan tokatzen denean iluntzean bakarrik egiten dugu eta herri kaskoan bakarrik. Iaztik bagenekien aurten larunbata tokatzen zela otsailaren 4a eta ia preparatuta geunden egun osoko jardunerako. 30-35 laguneko taldea atera ginen Osinalde elkartearen izenean. Dozena erdi bat trikitilari eta pandero-jole, eta bost bertsolari,denak herrikoak. Kanpotik bizitzera etorritako batek esan zigun ez ginela jabetzen zer suerte eta zer altxor daukagun herrian! Sinetsi egin beharko dugu!

Santa Ageda bezpera Gabirian

Egun osoan baserri pila bat pasa genituen eta joera desberdinak ikusi ere bai. Kantuan hasi eta gabon eguna ote zen dudan jarri zuten aitona-amonak, Zumarragako larunbateroko azokara joan gabe gure zain zeudenak ere bai,etab. luze bat. Baina denetan umorea eta esker ona!

Eguna errematatzeko betiko ohitura da Osinalde elkartean afaltzea egunean zehar biltzen ditugun txorixo,arrautza eta bestelakoak janez. Eskerrak batzuk kantuan irten gabe guri afari goxoa preparatzen geratzen diren. Hori bai, afaldu aurretik saio ofiziala bukatzen dugu Osinalde elkartean,hainbeste zor baitiogu.Afaldu ondorenean etxera joan ezinda geratu zenik ere bada… baina hemen ezingo dut horretaz ezer idatzi.

Bukatzeko egun hori irudikatzen duen bideo bat utziko dizuet, Goierriko Hitzarentzat Gotzon Aranburuk grabatutakoa, eskerrik asko berari ere.Guk adina ez duzue gozatuko baina ia pixka bat gerturatzen zareten.

Santa Ageda bezpera Gabirian