Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2016-12-12

Saio txar bat

Saio txar bat

Inork ez du bertso txarrik bota nahi; are gutxiago jendaurrean. Porrota, frakasoa, ze zailak diren gure ilusioekin ezkontzen. Noizbait libratuko al gara oholtzan  gai baten aurrean “zurian” geratzeko beldurretik? Bertsolari txapeldunek ere lortzen ote dute kezka hori gainditzea? Eta ez al da itzal hori atzean izanik ere oholtzara igotzea gainditzeko modu bat?

Bat-bateko bertsoa arriskatzea da. Azpian lurrik aurkituko ote duzun jakin gabe jauzi egitea. Salto egiten duenak badaki eror daitekeela eta entrenatuko du zutik erortzeko; baina bertso eskolatik plaza eskarmentaturaino, beti dago arrisku hori. Esango nuke gainera, adrenalina horrek bultzatzen gaituela salto egitera.

Hala ere, izaten dira egunak pauso motela daramazunak, bertsoaren esaldi sinpleenean mihia trabatzen zaizunak edo errima onenak hautatu arren esatean nahasten dituzunak. Nik izaten ditut behintzat (eta nire buruari kontatzen diodan –akaso- gezur bat da onenek ere badituztela). Hain da garratza jendaurrean ahaleginean aritu arren sumatzea ezin duzula bertso onik josi, hain da zaila egonezin hori ez transmititzea gero kantuan.

Churchillek zioen, arrakasta dela porrot batetik hurrengora joatea ilusiorik galdu gabe. Bertso eskolatik ikasi genuen hori eta gaur, bukatu gabe utzi ditugun bertso guztiengatik dakigu bat-batean bat osatzen. Hala ere, jendaurrera irtetean denok nahi dugu zein ondo egin dezakegun ikus dadin eta ez da erraza askotan.

Uste duzunean segurtasun minimo bat lortu duzula eta konfiantza duzunean edozein saio aterako duzula, heltzen zara bertso eskolako lehen eguneko ezintasun sentsazio hori jasatera. Eta jendeari hain txarra iruditu ez arren zuk sentipen makal hori eramango duzu zurekin etxera, bideko bihurgune bakoitzean errepasatuko dituzu gaizki egindakoak… erremediorik gabe hortzak estutuz.

Zein garen onberak besteen akatsekin eta ze jasangaitz egiten zaizkigun gureak… ni ere hobeto haserretzen naiz nire buruarekin, gehiago exijitzen diot beste inori baino. Hala behar duela uste dut gainera, zigorkatzean erori gabe bada.

Saio txar batKontua da, orain lehen baino saio gehiago ditudala eta horri esker, gutxiago irauten didala saio txar baten frustrazioak. Azken batean, saio bakoitza aukera bat bada, aukera gehiago izateak behin huts egitearen zama arintzen du. Saio gutxi dituenak trebatzeko aukera gutxiago du eta gainera, garestiago ordaintzen ditu akatsak. Egon naiz ni ziklo horretan harrapatuta eta gauza bat ikasi dut: zama hori hanketara lotuta ezin dela salto egin.

Arrakasta porrotetik ikastea bada, horretan saiatzea dagokigu. Gorka Urbizuk abesten duen moduan, “pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori”. Hori da nik nire buruari exijitu nahi diodana. Ezin dizuet saio on bat ziurtatu, baina ziurtatuko dizuet ahalegin apasionatu bat.

Saio txar bat