2024-12-05
(Sailka)penak
(Sailka)penak –
Sailkatzea da datu, objektu edo jendea irizpide, ezaugarri edota balio jakinen arabera antolatzea. Sailkatze hori bereizketarako erabiltzen da, noski. Hori du xede. Gai / Ez gai sonatua esaterako, non langa bat marraztu eta aurrera egin dezakezun edo ez esaten zaizun. Denok bizi izan dugu hori hezkuntzan, eta denok izan dugu irizpide eta balioen inguruko zalantza. Ea nork, nondik eta zertarako ezarri dituen pausua mugatzen diguten irizpideok.
Mugimendu batzuei esker sailkapen binario bat baino gehiago arbitrarioa dela ulertu dugu, ez dela kategorizazio bat baino. Ordea, munduak horren arabera funtzionatzen jarraitzen du, beharrezkoa duelako jendea ere sailka banatzea. Sailka eta klaseka. Ze sailkapen hitzak ez bezala, klasifikazio hitzak argi asko bistaratzen du oinarrian duen beste xede bat: klaseka bereiztea. Eta badakigu klaseka bereiztea berez dauden klaseetan banatzea ez-ezik klase horiek sortzea dela.
Baina munduak logika horri jarraitzen dio, eta guk gure burua hor sartzen dugu. Beraz, txapelketa batean ematen dugu izena, goiko klaseetara sailkatzeko esperantzan. Gai / Ez gai. Eta irizpideak eta balioak arbitrario bezain aldakor direla jakitun, gure burua jartzen dugu sailkapen horren menpe. Burua, gorputza, ilusioak. Gai / Ez gai.
Elkarrekin igo gara Arrasateko oholtzara, sei kide ginen saioan zehar. Sailkapena iritsi denean, ordea, marra batek bereizi gaitu: alde batean poza, arindua, aurrera begirakoa; bestean, pena, amorrua, akaso mina. Sei kide izaten jarraitzen dugu, baina ez gaude sail berean orain. Poza mingostu egiten da kideen penaren ondoan. Eta kide hauen pena hartuko lukete aurreko fasean geratu direnek, hauek behintzat Txapelketa Nagusirako “Gai” izendatu dituelako sailkapenak.
Klasifikazioak berekin dakar klaseak bereiztea. Jakina da behean geratzen dienei eragingo diena. Orduan, Ez gai posible baten arriskua hartzeko prest gaude goiko klasean egoteko aukeragatik? Behean geratuko direnetako bat ez izatearen esperantzak bultzatzen gaitu?
Marra agertzen den momentuan zaila da ikustea, baina badakigu sailkapenerako irizpide eta balioak arbitrarioak direla. Distantzia behar da, Ez gai bat jaso izanak norbere gaitasuna aldatzen ez duela ikusteko, irizpide horietan kabitzen ez diren balioetan ari garela ohartzeko. Bitartean, sailkapenak penak eragiten ditu. Eta beste behin, bertsolari galantak geratu dira langaren azpitik.