Sarai Robles
Sarai Robles

2024-02-01

Saihestu

Saihestu: 6. Da/du ad. Zerbait saihetsean iltzatuta geratzea. Adb. Lehenengo bertsoa guztiz saihestu zaio.

 

Saihestu –

Bertsolaritza zer edo nolakoa den galdetu izan didatenean, gehien errepikatu ditudan hitzak “komunikazioa” eta “muturrekoa” direla esanen nuke. Lehena, komunikazio ekintza bat delako ezinbestean. Bigarrena, edonor ez legokeelako prest jendaurrean jartzeko, mikrofono batekin eta (gehienetan) norberaren gorputzaz aparteko dekoraturik gabe, auskalo zein gairen inguruan auskalo zer kantatzeko.

Bertso eskoletan egoera horri aurre egiten ikasten dugu; bertsoak osatzen, errimak aukeratzen, doinuak baztertzen eta gaiei erantzuteko bideak aztertzen ditugu. Ikasten dugu zer egin eskuekin eta nora begiratu kantatu bitartean, urduritasunak gain hartu ez diezagun. Bertso eskoletatik kanpo, esateko dugunari edukia eta forma ematen saiatzen gara, irakurtzen, hizketaldietan entzuten ditugun gauza interesgarriak apuntatzen, gustuko musika agortu arte entzuten.

Baina batzuetan gaia entzun eta burura datorkizun bukaera bakarrak negargura sortzen dizu. Edo bukaera ere ez zaizu bururatzen, oroitzapen bat geratu zaizulako eztarrian trabes. “Bikote ohia zarete. Zuk, A, harremanari beste aukera bat eman nahiko zenioke”. Intimitatean ere esateko gai ez zaren gauzak 10-8 neurrian sartzen ahalegindu behar duzu orduan. “Hil berri den lagunaren eskutitza jaso duzu”. Aspaldi egindako errimen zerrenda hura gogora ekartzen ahalegintzen zara baina ezinezkoa zaizu. “Beranduegi da baina saiakera egin nahi duzu, hiru bertso nahi duzun doinu eta neurrian”. Eta burua bete dizun gaia ez den bideren bat topatzen ahalegintzen zara, barruko ahotsak “jada minutu eta piko igaro da, fijo” esaten dizun bitartean.

Bertso eskolan ez da ikasten zer egin parean zain duzunari komunikatzeko daukazun bakarra sabel barruko korapiloa denean. Orduan kontrolatu ditzakezun elementu bakarrei eutsi (eskuak non, begiak nora) eta oka egitea besterik ez zaizu geratzen. Eta ea bertsotan bezain besteko ausardia duzun saio osteko sentimendu erauntsiei intimitatean erantzuteko.

“Badago saihestu nahiko zenukeen gairik?”.

Behin, saio baterako gaiak prestatzen ari zen lagunak egindako galdera da. Bertsolaritzan egon litekeen zaintzaren adierazpen sinple baina indartsuenetako bat, nire iritziz. Txapelketan, ordea, ez dago hori egiterik. Denok elkar ezagutzen dugun arren. Bertsolariak minimotik haragoko ezer eskatzeko ohiturarik ez duen arren, oro har. Askorentzat tranpa egitea litzatekeelako.

Tranpa zerekiko, hori ez dut hain argi.

Saihestu
Irudia: NoName_13
Saihestu