2023-01-23
Pribilejiatuak
Pribilejiatuak –
16:00etan dugu hitzordua aparkalekuan. Umeak munduratu ditugunetik, familia-oporren usaina hartu du berriz ere Gasteizetik Pancorbo alderako A1aren zatiak. Gaur bertatik noa. Baina beste leku batera noa. Langraiz Oka parean eskuinetara. Ezkerretara bihurgunea, autobidea zubi-gainetik pasa. Susto txiki bat biribilgunetik irteterakoan, beste auto batekin (nire errua izan da). Aldapa suabea, baina uste baino luzeagoa. bihurguneak. Euria ari du.
16:05ean iritsi naiz. Gero eta okerrago pasatzen dut nonbaitera berandu noanean. Bertsokideak eta Izar zain ditut honezkero. Ez gaude lasai. Galdera bat dut buruan, eta esango nuke gainerakoek ere antzerako zerbait dutela: zer da atea(k) pasa eta gero topatuko duguna? Egin daiteke bertsotan “normal”, horrelako leku batean? Zer gertatuko da datozen 2-3 orduetan? Izarren irribarreak egin digu lagun harrera-lekuraino.
Musukoa jarri. Metal-detektagailutik pasa. NANa entregatu. Autoan utzi ez dudan mugikorra entregatu (zergatik ez dut autoan utzi?). Atea ireki, pasa, itxi. Atea ireki, pasa, itxi. “Atean trabatuta geratzeko arriskua” kartela komentatu. Iñakiren ongi-etorri besarkada jaso. Bost minutura etorriko ziren beste dozenaka laztanen arteko lehenengoa.
“Hemen izango da saioa. Entzun, entsaiatzen ari dira”. Aretora sartu. Oihane. Gitarra hots gozoa. “Iritsi zarete! Ongi etorri!”. Besarkadak. Banaka, binaka, hirunaka. Iratxe. “Etorri eszenatokiaren atzera, luntxa jarri dizuegu, ekonomatoko zero kilometro produktuekin, kar kar”. Korapiloa sabelean, ezer jateko lanak. Poza dario jendeari (jendea baita) gorputzaren atal guztietatik. Saioaren aurreko tertulian, barruko eta kanpoko kontuak. Horma-usain gutxi. Gizarte-langileen konplizitatea.
Saio aurreko bertso-sorta, bertso-eskolakoek kantatua. Malkoren bat. Eseri. Lehenengo aldiz, bizitzen ari garena aldi labur baterako izango dela kontzientziatu. Pare bat ordura benetakoa izango den tristura-airea sumatu. Kantatu. Barre egin. Estutu. Gitarrarekin tonua josi. Lasaitu. Kantatu. Bukatu dugu. Besarkada-soka. Korapiloa. Agur esateko modu ezberdinen ezinezko azterketa.
Kanpora goaz. Tristura-airea barru-mamietan instalatzen sentitu. Mugikorra hartu. Atean trabatuta ez geratzeari buruzko komentarioa. Gaua, euria. Autora joatea kosta egiten zaigu. Gertatu dena hotz aztertzeko saiakera. Ezin dugu. Aholkuak: kontatu jendeari, idatzi, ez barruan gorde. Merezi du. Pribilejiatu batzuk besterik ez gara.