Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2019-06-19

Plusmarka

Plusmarka –

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abian da, eta udaberrian haizeak polena nola, kalitate irizpideak harrotu ditu sailkapen faseak. Aspaldi mahai gainean dauden galderak haizatu ditu lehen hilabeteak, akatsen eta asmatzearen arteko orekarik lortu ote daitekeen, zer den zigortzeko moduko akatsa eta zer pasa litekeen, zer den asmatzea eta nola baloratzen den… ez da ezer berririk, baina berria ez izateak ez dio eztabaidari garrantzirik kentzen; aitzitik, erantzun edo lanketa premia adierazten du.

Balorazio irizpideek (ez nahas epai irizpideekin) sortzaileon ahaleginean eragina dute, estilo batzuei zilegitasuna emanez eta beste batzuei zalantzan jarriz; eta kanpotik argi ikusten den arren, norbera zurrunbilo barrutik begira dagoenean oso zaila da hautuari eustea. Balorazio irizpideetatik jaio ziren epai irizpideak? Edo epai irizpideek eragiten dute zerbait baloratzea? Gertatzen baita (eta ziurrenik gertatuko), entzuleen artean bertsolari bat gustatu eta ondoren puntuazioan ez islatzea. Gustua, noski, subjektiboa da, denok dakigu. Baina kalitatea eta epaia ere ez al da subjektiboa ba?

Honekin ez dut zalantzan jartzen epaileen lana, inondik inora. Txapelketako lan zailenetakoa iruditzen zait, eta ez dut nire burua horretarako gai ikusten. Estimatzen dut beraz, euren lana eta ondo egiteko hartzen duten prestakuntza guztia. Nire zalantzak oinarrira doaz, epaile horiek eta entzuleok, bertsozaleok barneratzen dituzten eta ditugun kalitate irizpide horietara.

Kubako repentismoa lantzen ari naizen honetan, bertsolaritzari sortu zaizkion antzeko kezka eta zalantzak aurkitu ditut; kezka sormen lana epaitzeak hautu artistikoei jartzen dizkien mugengatik, eta zalantzak, irizpide horiek subjektiboak izanik, ez direlako guztientzat berdinak. Eta kezka honen inguruan, erantzunik ezean, euren artean sumatutako bi galdera utziko ditut airean, norbaitek erantzun ditzan:

  • 30 segunduan inprobisatutako dezima minutuan inprobisatutakoaren doble ona al da? (galdera hau azkar edo mantso kantatzeari ere zabaltzen diote, horretan ere estilo aldaketak egon baitira, batzuen poz eta besteen penarako).
  • Zergatik hartzen dira kontuan akatsak, eta ez kiroletan bezala plusmarkak? Alegia, egun txar batean nulo egin badut edo altura txikia saltatu, ni ez naiz hori, nire onena eman dudan egunengatik neurtu behar naute.

Azken ideiaren kasuan, uste dut bertsolarion artean ohikoagoa dela plusmarkak gogoratzea, saio baten balorazioa beti da halakok ideia jenial hau bota zuen eta beste honek hau hola josi zuen. Hil ondoren argitaratutako antologiek ez diote artistari bidean hobetzen lagunduko. Nulo eta marka txarrei begira egin behar da lan, baina plusmarkari begira sortu behar da. Marka da gero!

Plusmarka

Plusmarka