2021-02-03
Plazara!
Plazara! –
Gazteok salto egin behar dugu, eta ahal dala salto plazara. Hamazortzi eta hogeita bost urte arteko gazteok tabula rasa bat daukagu esku artean, nahi duguna eta nahi dugun moduan egiteko aukera, antza 2020ak kendutakoa 2021ak bueltan ekarri nahi digu, eta bertan behera geratu zena indarrez dator. Bueno, optimistegiak ere ez gaitezen izan… nahi duguna eta nahi dugun moduan edo…
“ding!” jo du telefonoak tinderreko match bat izango balitz legez, baina ez, ez da gazte ikaragarri bat nire argazkiak gustatu zaizkiola adierazten, email bat da, eta match batek baino ilusio handiagoa egin dit. Horrela dio emailak: badator plazara! Ekimena, eskualde bakoitzean saio bat, antolatzeko ardura zuena da; animo! Oilo ipurdi azala ere jarri zait, match egin dut, baina, bizitzarekin.
“ding!” batek bueltan ekarri du ilusioa bertso eskolara, antolatzea eta kantatzea, gaiak prestatzea, grabatzea, segurtasun neurriak mantentzea, egin behar dena egiteko prest kantatzeko eta entzuteko aukera izatearren, berriz ere bertso artean elkartzearren.
Baina “ding!”ak ametsetara eroan nauen bezala “dang!” baten hankak lurrean jarri dizkit berriro. Tabula rasa zuriegi bat ez al dugu aurrean? Nori eta noiz kantatu? Ilusio handia eta gogoa sobran dugun arren, noizko lortuko dugu zeozer antolatzea? Zenbakiak eta neurriak gora, eta herriak gorri; giro beroegia neguko hotzerako, ez ala?
Galderak airean daude eta hoba geu ere “ding!” horrekin batera hegaz joan eta ilusioa eta gogoa airean mantendu.