Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-02-01

Plaza (ra!)

Plaza (ra!) –

Plaza izan daiteke oholtza handi bat, areto elegante bat, jaietako karpa bat, kiosko bat, edota kale kantoi bat. Izan daiteke mikro bat eta bafle bi, edo bertsolaria bera etxeko dutxan. Baina, beti ez zaigu ahoa betetzen plaza deitzen diogun espazio horri buruz ari garenean, arrotza izan denean, urrun sentitu dugunean, sufritu izan dugunean, eta abar luze bat. Espazio segurua eta goxoa izan denean ostera, zer? Hor bai, ezta?

Bada, hasi da Plazara! ekimena Bizkaian. Gazteok plazaratzeko, hurbileko plaza, plaza segurua, gurea eta guretzako egina dagoena. Bariku honetan hasi da Gernikan, kantuan Beñat Bilbao, Maite Sarasola, Araitz Katarain eta ni neu, Aitor Etxebarriazarragaren gaiei segika. Eta zer nahi duzue esatea? Ahoa beterik bakarrik ez, praketan kabitu ezinik irten ginen, ez bertsotan bereziki ondo egin genuelako, gustora egon ginelako baino. “Zer? Ondo, ezta?” “Jo, ba, uste nebana baino gustorago” eta horrelakoak entzun ziren saio ostean. “Eta azkenean pentsatzen genuena baino jende gehiago, eta lekua ere egoki, lasaia, dena ondo.”

Bueno, ez da adibide gehiagorik behar, ezta? Askotan saio osteetan orokorkeriak esaten ditugu, gustora egon ez eta disimulatzeko esaldi laburrez erantzuten dugu, edo gure burua zigortu, hau egin behar nuen, edo beste hau esan… Eta barikuko egoera hori izan ez bazen ere, sarritan gertatu daitekeen zerbait da, batez ere afizionatuongan, galderak saihestu nahian ibiltzen gara, konforme geratu ez garela ez onartzearren, eta gauza batzuk zintzo esateko zilegitasuna aitortu behar diogu gure buruari. Esango nuke horretarako lekua ere badela Plazara! Nahi duguna egiteko, erakusteko eta inori ezer zor gabe abesteko.

Gernikan hasi eta datorren astean Iurretara doa trena, eta Bizkaian zehar ibiliko da udabarrira arte. Plazara, dantzara, kantura.

 

Plaza (ra!)

Plaza (ra!)