2019-02-19
Pater nosterrik ezean
Pater nosterrik ezean –
Azken egunotan bertso munduan ez dabilkigu Jon Lopategi besterik. Egin dira analisiak, errepasoak, omenaldiak, aitortzak, hiletak, oroitzak eta batez ere eskertzak. Gazteenok (bai, nire buruari lizentzia hori emango diot) ez genuen berarekin oholtzarik konpartitu tamalez, baina jaso dugu beregandik zer ikasi, guk ere. Eta nik ere jaso diodana aipatzeko hartu nahiko nituzke ondorengo lerroak; eskertuko ez badidazue ere, barkatuko didazuelakoan.
Nik Jon Lopategi ahots ezagutu nuen irrati bidez, sendo, indartsu, seguru eta sarkor. Bere bertso gogoangarriak kantatu genituen buruz bere enfasi eta arnas-eten eta guzti; bederatziko txikian bakarka egin zitekeela erakutsi zigun, eta bertsolarien funtzio kritiko eta soziala aldarrikatu eta gorpuztu zuen plazaz plaza. Ahots ezagutu nuen Jon Lopategi bertsolaria, ahots kritiko eta konprometitu.
Bere bertsoak buruz kantatu genituen umeok koxkortu ahala, hitz horien atzean nor ezagutu genuen Jon Lopategi; mozal legeak markatutako garai honetarako aplikagarriegi diren egoeratan. Bertsolaritzari duen garrantzia bermatu ziona, ahots hori herriaren ahots bihurtzen zuena, euskalduna nor zela aldarrikatu zuena zen Lopategi. Eta neurri batean, bertsogintzak izaten segi zezan funtsezko norbait. Perspektiban deskubritu genuen nor-tasun sozial eta eragile hori.
Eta gerora, Jon Lopategi ezagutu dut maisu, bere ikasleen ahotan. Eta gainerako guztiari meriturik kendu gabe, azken honek ukitu nau bereziki. Nor zen ahots hark besteen ahotsak piztu nahi zituelako, besteei nor izateko bidea urratu. Eskerrak, pertsonala politiko egiteko lanean gabiltzan bitartean, politikoa pertsonal bihurtzeko gaitasunak hor jarraitzen duen. Inoren zain egon gabe norbere autoa autobus bihurtu eta gazteei plazak eta aisialdirako guneak eskaintzea, gerora hain estrategiko jo diren gauzak bere esku hartu izana, hori sekulako irakaspena izan da. Guk ere zorte hori izan dugu bertso eskolako irakaslearekin eta horren balioa kalkulaezina da.
Beraz, errezatzen ikasi ez dudan honek ere, hiru pater noster ezean hiru ikasgai horiek merezi duten errespetuz jardutea zor diot. Ahotsa ekarpen bat egiteko baliatzea, nor izan gaitezen bultzatzeko baliatzea nire nortasuna eta ondorengoei aukera eta baliabideak eskaintzea ardura pertsonal moduan hartzea. Horiek nire hiru pater nosterrak, beltzari errezatuak.