2022-02-02
Pasa o aparta
Pasa o aparta –
Doinua: Hauxen da gaia zelebrezkua
Hemen agian ez dira biltzen
guzti-guztien ahotsak
azken aldian alde denetan
entzun dira harrabotsak
bertso sorta bat galde egin dit
etsirik dudan bihotzak
egoera hau bizi beharraz
nekatuta gaudenontzat.
“Hartu txertoa, hartu txertoa”
eman duten garrotea
ia arnasa hartzeko ere
behar da pasaportea
garai hauetan nahasi dira
kontraesan bikotea
Covid-pasea izatea ta
osasuntsu egotea.
Antzerkiren bat edo filme bat
nornahik gomenda dizuna
bertso saio bat goi mailakoa
aspaldi partez entzuna
Bengoetxeak Labriten eman
behar dun ikuskizuna
OMSek ez dizu esango baina
hori bada osasuna.
Esperimentu bat ez ote den
duda egin dezakegu
limitea non ote daukagu?
honek muga non ote du?
aurrerantzean benetan kontuz
bizi beharrak gaude gu
gurekin zernahi egingo dute
hau onartzen badiegu.
Gogora ekarri nahi ditut hitzak
zentzuzkoak ta sakonak
Manuel Lasarte izan zenari
kantuz entzun nizkionak
askatasuna QR bati
erregalatzen dionak,
“bere garaian kenduko dio,
lenago eman zionak!”
Ia bi urte pasatu dira
guzti hau hasi zenetik
zentzu gabeko hamaika neurri
bat bestearen atzetik
badaezpada hobe litzake
denak kentzea kolpetik
birusetik ez, baina burutik
denok gaixotu aurretik.