Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-10-23

Oskolak

Oskolak –

Oskolak

Izaki bigunek oskola izaten dute euren gorputza babesteko. Guk, diseinu arazoren bat medio, hezurdura gorputzaren barruan daramagu; organoak babesteko, ozta-ozta. Umetan lehen kopetakoak erakusten digu garuna babestuta egonagatik koskorrekoak berdin direla mingarri; galtza motzekin jolasean ohartzen gara azalari adabakiak jostea alferrik dela eta lehen desengainuak agertzen digu eskeletoak kolpe fisikoetatik soilik babesten gaituela.

Izaki zaurgarriak gara (eta eskerrak!), baina ume garenetik gure inguru osoa obsesionatzen da minik har ez dezagun eta segurtasun dispositibo moduan instalatzen digute beldurra erraietan. Gure burua mindu gaitzaketen egoeretatik aldentzen ikasten dugu ia inkontzienteki egiteraino eta oskola barruan geratzen gara, preso. Ze, hesiek, bi albo isolatzen dituzte: kanpokoagandik bereizten gaitu eta kanpoa ebasten digu; zaurgarri izatea saihestu eta sentikor izateko aukera kentzen digu.

Gero badira (edo bagara) biziraupen kontutan hain onak ez diren ale desegokiak, euren gorputza arriskuaren aurrean agertzen dutenak; aterkirik gabe doazenak euria azalean sentitzeko, bizikletan kaskorik gabe haizea belarri-ertzetan txistuka sumatu nahi dutenak. Eta oholtzara igotzen direnak. Eta biziraupeneko lehen eskola gainditu ez zutenak: oholtzara inprobisatzera igotzen direnak, haragia azalaren gainetik daramatenak. Eta belarri-jale izateak “begiraden jaki” bihurtzen gaituenez, patriketan gordetzen ditugu eskuak, oskola txikiak inprobisatuz.

Naturak bi era dauzka izakiak babesteko: defentsa eta erasoa. Izan zaitezke oskola barruan ezkutatzen dena, edo izan zaitezke pozoitsua edo triku eta indar gehiegiz gerturatzen dena mindu. Bi kasuetan mugatuko zaizu kontaktua; lehenarekin ezingo duzu laztan leun bat sentitu eta bigarrenarekin ezta jaso ere. Hori da konfort gunearen arazoa, merezi duten sentipenak hortik kanpo daudela.

Sentitzera ausartzen denak beti izango ditu belaunak urratuta, azala haizeak zartatua eta nork daki, trikuak besarkatzen saiatzeko joera patologikoak … baina sentiarazteko ahalegina egiten duenak merezi du ingurukoek babes dezaten. Oskolak krak egiten badio ez dezan sentitu eraso egin diotenik, baizik jaiotzen, hazten ari dela.

Oskolak