2021-09-28
Orojakitun
Orojakitun –
Orojakitun, hala izan behar du bertsolariak. Plazan edozein gairi buruz kantatzea tokatzen da askotan, baina baditut nire zalantza eta kontraesanak horrekin.
Alde batetik egia da oholtza gainean eta mikrofono aurrean dagoen bertsolaria, pertsonaia publiko bihurtzen dela, eta hainbat hedabidetan edo bestelako komunikazio bideetan lekurik ez duten hausnarketak plazaratu ditzakeela. Entzulea “behartu” dezake esateko daukana aditzera, eta jendartean gertatzen diren gaiak landu ditzake: tabu bezala etiketatutako gaiak, politikoki ez zuzenak izan daitezkeen diskurtsoak, komunikabideetan estali nahi izaten diren egiak…
Bertsolariak estatus bat dauka jendaurrean, eta funtzio hori askotan baliatu izan du bertsolariak berak komeni izan zaion aldarrikapenak egiteko; presoen, euskararen edo nazio zapalkuntzaren aldarrikapenekin kasu. Gizartean egunerokotasunean gertatzen diren beste edozein gairi buruz ahots propioz hitz egiteko ere baliatu izan du bertsolariak oholtza, hautu pertsonalez edo gai jartzaileak hala aginduta.
Baina beste alde batetik, bazkalondorean hasi eta afalaurrean amaitzen diren telebista saioetako tertulianoak bezela ibili beharra ere ez da samurra. Gai guztiei buruz informatuta egon beharra dauka, eta are gehiago, iritzi kritikoa izan behar du gai horiekiko (“sistemaren aurkakoa” edo diskurtso orokorra zalantzan jartzen duena baldin bada, hobe). Egun batetik bestera Covidari buruzko jakintzak edukitzetik, Tubacex-eko grebalarien borrokari buruz iritzia ematera igarotzen da, gero Afganistanen gertatzen ari denari buruzko hausnarketa sozio-politikoa egiteko eta aurreko egunean piztu den sumendiaren eta bere kalteordain pertsonal eta materialen inguruan kantatzen amaitzeko. Guztia egun batetik bestera, errimatuz, 10/8an eta zerbait berria sartuz; lehenagotik inork hitz egin ez duen ertzetik abestuz.
Auskalo zenbat aldiz bota ote diren (ditugun) handikeria eta potolokeriak, gaiari buruz gehiegi ez jakin eta hanka sartzeko beldurrez. Hori egitekotan, egunerokotasuneko gai sinpleei buruz kantatzea hain txarra da? Oreka aurkitzea, gauza guztietan bezala, honetan ere horixe da zailena. Bertsolaritzak ezin du mundutik abstraituta eta burbuila baten barruan bizi den edo artera eta edertasunera soilik mugatzen den fenomenoa izan, baina aldi berean iruditzen zait munduaren luze-zabalean jazotzen diren gertakari guztiei unean-unean erantzuna ematea eta ekarpena egitea ere gehiegitxo ez ote den.
Egañari arrazoia eman beharko zaio (beste behin!), Kupela taldearen Saizarko festa kantuan esaten duena gogoratuz: asko eskatzen zaio bertsolaritzari!