Aitor Servier
Aitor Servier

2017-12-13

Oreka - Aitor Servier

Oreka –

Gai honek badu txorrotxiotik, baldin ez banaiz traolaz okertu. Gehienak Xenpelarrekin duen dialektikarekin tematuta badaude ere, Andoni Egañak orain dela hamarkada bat idatzitako Hogeitabina liburuaren orriei hautsa kentzea erabaki dut. Zarauztarrak ez zuen ezkutaketan ibili beharrik orduan, eserita berak galdegin eta erantzun ordez, paperean etzaten zituen afirmazioak. Audientzia Nazionaleko epaileen « Juglares sabelotodo » ebazpen itxurako definizioari tiraka, bertsolariei buruzko usteak aletzen zituen bertan: «Batzuentzat bertsolaria arlote, parrandero hutsa zen. Besterentzat poeta herrikoia. Herriaren ahotsa batzuentzat. Herriaren kontzientzia kritikoa beste batzuentzat. Mitinlari ahoberoa izan daiteke zenbaiten ustean. Edo abade erretolikatsua… » Hori hala da. Bakoitza bere subjektibotasunak bizi du.

Aitzinago, bertso onak bi kategoriatan sailka daitezkeela adierazten du. Joñoko bertsoak alde batetik, eta jakinako bertsoak bestetik. Bertso batek entzulearengan sor lezakeen zirraran datza bereizketa. Inspirazioaren ustekabeko pindarra den bertsoa baten sorpresa aurpegian lehertzen zaizularik ateratzen zaizu joño espresioa… Jakinako bertsoa aldiz, espero duzun hura zuhaurek erranen ez zenukeen moldean kantaturik, neurturik eta errimaturik entzutearen plazer ttikia da. Ai, gure dikotomiak eta gure eztabaida bipolarrak…! Umorearen eta ahozko hizkeraren inguruko interpretazioetatik haragoa doa sailkapen hau. Usadioaren emaritzat jotzen diren sententzia jator ugarik irabaz lezakete jakina efektuaren titulua. Era berean, baliabide estilikoz jantzitako diskurtso ideologiko abangoardista joño eta bestelako hamaika inbidia sanozko maldizioren iturri izan daiteke.

Oreka

Txapelketa garaian bi hankako kalkulagailuak garela ematen duen arren, bertsozaleok pertsonak gara. Gure konbikzioak sendotzea nahi dugu. Puntari punta, ertzari ertza eta arraildurari behatxuloa ateratzea nahi dugu. Aulkian uzkurtu eta gure ahotsa maileguan har diezaguten nahi dugu. Durduza, dardara eta deserosotasuna ere beharrezkoak ditugu. Joño, bizitza ez da laua ! Baina, gorabeheratik ikasten dugu jakina ! Oreka emozionalaren bilaketa aldarrikatuko nuke. Ez bedi ulertu emoziorik eza. Joño eta jakinako pertsonak desio ditut ene inguruan. Munduaren azkenera joateko bidelagunak eta ene barnerako trenetik agur eginen didatenak. Garai likidoetako pertsona solidoak eta hauskor izateko segurtasuna dutenak.

Oreka