2024-06-04
Oporrei begira
Oporrei begira –
Doinua: Frantses euskaldun bat etorri zait
Irakaslea izan nahi nuen
baita lortu ere tira
Gela barruan pasa ondoren
hilabeteen segida
Gure lanean orain datozen
garaiak ederrak dira
Irribarretsu hasita nago
oporretara begira
Balorazio txukunarekin
beste kurtso bat akabo
Errima eta doinu artean
pasarte onak igaro
Ikasle denei esaten diet
hemen onartzear nago
Zuek guztiok maite zaituztet
baina oporrak gehiago
Nahiz badakidan amaierara
heldu naizela hustua
Irakasleok jasaten dugu
beste askoren juzkua
Sarri askotan entzunagatik
ez dela kontu justua
Eguzkipean pasa nahi ditut
uztaila ta abuztua
Hiru anaioi amak diosku
zuen kontura baratza
Nagusienak besteen kontu
Utzi ohi duenez martxa
Beraz niretzat nahiko denbora
eduki dezaket antza
Tartekatuko ditut mendia
taberna eta hondartza
Kanpora noa inguru dena
data kontuekin nahasi
Destinu gisa begiratu dut
Europa erdia kasi
Dena presaka egin beharra
ez ahal dut lehendik ikasi
Holakoetan ez da jakiten
antolatzen nondik hasi
Zerbait lotu nahi baina karterak
Ahalbidetzen du kostata
Uztail abuztu turisten jasa
izaten dugu aparta
Berdin da nora dena garesti
Sidney, Milan edo Malta
Bi hilabetez luzatzen baita
beti temporada alta
Ustela denez berriz urruti
joateko ahalegina
Azkar pizten zait famili aberats
baten jaiotzeko grina
Pentsatu ohi dut pultserarekin
hotelera joan bagina
Uztail erdian berriz dut etxe
Costa Bravako kanpina
Lagun taldean abuzturako
sartzen zaizkigunez kezkak
Data ezarri asmoz sortuak
Whatsapp taldeko inkestak
“Ni hara ez noa” “nik hor ezin dut”
“noiz dira herriko festak?”
Berdin da data eta lekua
agintzen badu protestak
Espektatibak ez ditut altu
jarrita nago urduri
Oporraldia ez ote zaigun
ondo aterako guri
Urtero legez datorren honek
antzerakoa dirudi
Beste uda bat herritik gertu
gorputz dena zuri- zuri
Aurrez bota dut irakasleon
egutegi abantaila
Baina oporrek hartzen dutenez
ziztu bizian abaila
Hasi bezala bukatzen dira
asumitzea da zaila
Konturatzen naiz gertu daudela
ekaina eta iraila