2022-08-08
Oporrak: "hik lan eta nik jai"
Oporrak: “hik lan eta nik jai” –
Lanean, egunerokoan bederen, oporrak hartu ditut eta lasai hartzen ari naiz gauzak, keep calm style. Bertsolari aldizkariko arduradunaren larritasuna ikusirik, lasaiegi ere bai agian. Behin bertsolari bati, Anjel Mariri, hala entzun nion urliari buruz hizketan eta harriturik: Oporrak udan hartu dituela? Lan gehien dagoenean?
Anjel Mariren ateraldiak grazia egin zidan, artean neuk ere ez bainituen hartzen. Gerora bertso saiotik saiora, dezenteko tartea suertatzen bazitzaidan, oporrak hartzen hasi nintzen. Noizbehinka norberak behar ditu oporrak, ingurukoek zer esanik ez.
Arbizuko kanpiñean hainbat uda pasatakoa naiz, haurrak txikiak zirela leku ezin hobea zen edozein bertso saiotara mugitzeko ere. Hala ere, uda osoa hurrengo bertso saioaren ardurarekin igarotzen nuen. Ez nuen guztiz deskonektatzea lortzen, nekagarri ere suertatzen zitzaidan.
Aitortu behar dut oporrak hartzeari gustua hartu diodala. Orain uda, beste modu batera antolatzen dut, bertso saioetara joanez baina atsedenerako tarte planifikatu batzuk hartuz. Hobeto doakit, antsietate gutxiagorekin bizi dut uda. Nik orain oporrak behar ditut, hori argi daukat. Hala ere, irakurri dudanagatik oporrak ez dira beti guretzat hor egon. Izan ere, duela ez hainbeste asteburuak ere ez ziren existitzen. Hauek, hasiera batean, ez ziren larunbatean eta igandean, igandean eta astelehenean baizik.
Hainbat arrazoirengatik ezarri omen zen horrela. Alde batetik, sindikatuen presioa, jadanik atseden hartzeko eskubide legitimoaren leloak baitzituzten, Marxen ideiek eta Lehen Internazionalak eraginda eta adoretuta (Londresen egin zen 1864an). Bigarrenik, erakunde erlijioso eta instituzionalek langile-klasea landu nahi izatea, hauen ustez gehienek, garai hartan, bizioari eta atseginari eskaintzen baitzieten denbora librea. Denborak aurrera egin ahala, egunak aldatu egin ziren, eta Karl Marxek zerikusi handia izan zuen bi egun libre hartu ahal izatean, lanetik gero eta emantzipatuago zegoen gizarte baterantz pausuak emateko ideiak ezarri baitzituen.
Baina, nahiz eta asteburuak, zalantzarik gabe, bost eguneko ahalegin fisiko edo mental gogorraren ondoren, atsegin-oasi bat izan, , ezin dira opor onekin alderatu. “Vacans” hitza latinetik eratorria da, hau da, “Estar libre, desocupa, vacante” aditzaren partizipioa, hau da, horrela sortu ziren Antzinako Erroman.
Baina pribilegio izateari utzi zioten duela gutxi. XVIII. mendean, aristokrata europarrek munduan zehar bidaiatu ohi zuten, abenturak bizitzeko edo beste leku batzuetan fortuna bilatzeko, baina gizarteko gainerakoek ez zuten ohore hori. XIX. mendean, industria-iraultzari esker, hain boteretsuak ez ziren klaseak, lehen pribilegio bat izan zen horretatik pixka bat ‘atximurka’ egiten hasi ziren: pertsonentzako atsedenaldiak ezartzeaz gain, trenbideko bidaiak ere demokratizatu ziren, garai hartan garatu baitzen trena, eskuragarriago bihurtuz. Izan ere, ez gaitezen engaina, gaur egungo oporren ikuskerak berekin dakar bidaiatzea edo beste leku batera joatea.
Nik ere bidaiatzea gustuko dut baina bertsotan egitea ere bai, hortxe koska. Bidaiatzen ez dudanetan hurrengo saioa dut beti buruan. Bidaiatuz gero errezago deskonektatzen dut. Oreka bilatzean datza. Uztailaren 13 inguruan hartzen ditut lehen oportxoak, Goitioltzan abestu ostean eta 27 alderako beste hiru lau saio egitera bueltatzen naiz. Gero abuztuaren 1etik Andra Marietara beste tartetxo bat hartu ahal izaten dut.
Lan gehien dagoenean oporrak hartu? zioen gure Anjel Marik. Esango nuke gero eta bertsolari gehiagok hartzen dituztela oporrak udan. Zorionez, ez da bertsolaririk, ez kanturako gogorik falta, hik lan eta nik jai!
Beste langileekiko badago alde txiki bat hala ere, langile arruntak ordaindutako oporraldiak ditu, bertsolarienak bestelakoak dira. Bi aukera baino ez dauzkagu: “Hik lan eta nik jai” edo “bertsora et labora”. Hurrengoan jarraituko dugu horretaz hizketan.