Arkaitz Estiballes
Arkaitz Estiballes

2022-08-10

Oporrak: "bertsora et labora"

Oporrak: “bertsora et labora” –

Aurrekoan bertsolarien oporrei buruz aritu nintzaizuen, oporrak deitzerik badago, bertsolarion kasuan oporrak hartzeak lana uztea suposatzen baitu, hots, diru sarrerarik ez.  Egun, bertsolariaren langintza prekarioa da orohar: eguneratu gabeko prezioetan lan egiten du, gasolinaren igoerak bere kasa jasan behar ditu, desorduetan egiten du lan… oporrak hartzen dituen bertsolariak, beste ogibide bat du normalean eta ordaindutako oporrak ditu. Beste kontratu motarik ez duen bertsolariak ez du ordaindutako oporrik. Aukera bakarra geratzen zaio: bertsora et labora! Eta aukera hau ez da meritu gutxikoa gero!

Aristokratek ez bezala, langileek ez dituzte betidanik ordaindutako oporrak izan. Europan, Finlandiak, Austriak edo Suediak, esaterako, 20eko hamarkadan eskubide hori jasotzen zuten beren legedian. Espainian, agian XX. mendeko lehen hamarkadetako egoera asaldatuagatik, gauzak pixka bat korapilatsuagoak izan ziren: Espainian, Bigarren Errepublikak 1931n onartu zuen Lan Kontratuaren Legea, eta Gerra Zibila amaitu aurretik, Francok Lanaren Forua eman zuen, frankismoaren zazpi Oinarrizko Legeetako bat, Edmondo Rossonik Italian aldarrikatutako Lavoroko Gutunaren imitazioz. Ordaindutako oporrak, ordea, ez ziren orokortu gure herrialdean 60ko hamarkadara arte.

Frantziak, oporrei dagokienez erreferente bat, 1936an ordaindutako bi opor-aste ezarri zituen, Leon Blum sozialista gobernuburu zela. Bi asteak lau izatera igaro ziren 1968an, eta gero bost Miterrandekin 80ko hamarkadan. Gaur egun, asko aldatzen dira herrialdearen arabera: Austria (bost edo sei aste), Frantzia (bost aste) edo Alemania (24 egun) bezalako lekuetan. Hong Kong bezalako beste leku batzuetan zazpi egun baino ez daude, Hego Korean hamar eta Txinan ez da derrigorrezko zerbait bezala ezartzen. Espainian 30 egun natural dira. Hitzarmen batzuetan 22 lanegun zehazten dira.

Japonian, beste adibide bitxi bat jartzearren, ofizialki bost asteko oporrak dira, gizarteak “karoshi”arekin pairatzen duen arazoagatik (literalki, gehiegizko lanak eragindako heriotza). Hamarkadak dira, herrialde hortan, herritarren heriotza-tasak gora egin duela gehiegizko lanak eragindako konplikazioen ondorioz. Gehiegizko lan horrek garuneko isuriak eta bihotzeko erasoak eragiten ditu. Kasurik ospetsuenetako bat Toyotako langile batena izan zen. Hilean 80 ordu estra baino gehiago egin zituen batez beste, bere bizitzako azken bi hilabeteetan, eta alabak hilda aurkitu zuen bere etxean. Japoniako auzitegiek langilea karoshiagatik hil dela egiaztatzeko, gutxienez 100 ordu estra egin behar izan ditu “gertakariaren” aurreko hilabetean.

Garai batean, “Karoshi”a  pairatzetik hurbil irudikatzen ditut zenbait bertsolari: egunean hiru bertso saio egindakoak, goizeko saiora gaupasaz ondoko herritik agertutakoa, urtean 150 saiotik gora egindakoa, uda partean 60 saiotan abestutakoa… garai batean bertsolariak udan ez zuen oporrik hartzen. Bertsotatik bizi nahiko lukeenak ezin ditu uda garaian oporrak hartu eta bertsotan aritu nahi lukeenak ere nekez.

Bertsolariak bestalde, egun baditu garai batean ez zituen zenbait betebehar, gizarte segurantza ordaindu, ogasunarekin egunean egon… beraz ordaindutako oporrik izateko eskubiderik ez al luke izan behar?

Zalantzarik gabe, egun ere oporrak, eskubide bat eta pribilegio bat dira zati berdinetan, zer esanik ez klase zapalduenentzako, eta merezi duten bezala gozatzea besterik ez dago. Bertsolariok zorionez, oporrik hartzen ez dugunetan ere, gustuko plazan abesteko aukera dugu, beraz, honaino iritsi bazara, ondo pasa zure hurrengo oporretan edo bestela plazan elkartuko gara!

 

Oporrak: "bertsora et labora"

Oporrak: “bertsora et labora” Oporrak: “bertsora et labora”