Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-01-03

…OOOOMMMM...

…OOOOMMMM… –

Yogako klasean nago, meditazioko momentuan irakasleak testutxo bat irakurri du gutxi gora behera horrela dioena: “Ezer egin barik egon zinen azken aldia, noiz izan da?”. Eta momentu honetan pentsamendua zurian eduki behar den eta gorputza sumatu ere egin behar ez den momentu honetan, zenbat gura ideia biztu zaizkit bonbilak bailiran.

 

…OOOOMMMM...

 

Deskantsatzeko denbora izatea ez da erreza izaten, deskantsu hori kalitatezkoa izatea are gutxiago, eta gero, zer esan denbora izena eman jarri horri buruz, zer den asko eta zer gutxi… Hain da erlatiboa batzuetan. Sarri gauza handi bat minutu kontuetan egitea espero da besteengandik, beste batzuetan ostera, arin egindakoa lan alfertzat hartu daiteke, inefizientea izan daiteke kalitateari zein kantitateari dagokionez, eta askotan emaitzari erreparatzen zaion moduan, besteetan prozesuari begira baloratzen dira gauzak.

Adibide bat jartzearren, bertsolari bat bakarkako lanean ari denean, zer nahiago du entzuleak? Itxaronaldia minutu bikoa izan beharrean hirukoa izatea eta entzuten duen istorioa osoagoa izatea, ala, alderantziz? Ez dut esan nahi bata zein bestea txarragoa denik, batzuetan milesimetan etorritako ideiak dira publikoak gogoratzen dituenak, eta beste batzuetan, bakarkako lan konplexuak, itxaron beharrak merezi duen horietakoak. Eta galdetzen diot neure buruari, ezin da dena batera gertatu? Arin eta emozionatzeko istorio bat osatzea, hori posible da? Batzuentzako bai.

Ez daukat erantzun argirik, baina esango nuke, denok daukagula erloju bat barruan, goizero presaka jartzen gaituena, zain gaudenean, luzeegi doala abisatzeko pi-pi egiten digun barruko soinu bat, arnasa estutzen digun tik-tak bat izan jendaurrean zein gure pentsamenduetan murgilduta gaudenean, ustez ezer ez egiten gaudela pentsatu eta benetan hemendik eta hiru egunera egin behar duguna planeatzen ari garen horretan erne mantentzen gaituena. Ez dut neure sentsazio batetik orokorkeri bat idatzi nahi, agian, zuen barruan ere badago erloju hori.

Honen harira, orain urte batzuk, berez, sei urte izan dira, baina, ni presaka bizi naizenez hegan joan diren sei urte Ibon Ajuriagojeaskoaren puntu erantzun hau entzun genuen, Maite Berriozabalek: “Erlojuaren menpe egun eta gaba” bota eta Ibonek “ta hortik ezin dogu hain errez atara/ begitu berez dogun monotoniara/ denpora barik hemen asko bizi gara” erantzun zion.

Yogako maisuak mundu errealera bueltatzeko abisua eman digu, eta beste behin ere ez dut pentsamendua zurian mantendu eta gorputza kontziente eta presente izan dut, ideia guzti hauetan, neu ere denbora barik bizi den horietakoa omen naiz, erlojua barruan sartuta daukan horietakoa. Eta zu? Ezer egin barik egon zinen azken aldia, noiz izan da?

…OOOOMMMM… 
…OOOOMMMM…