2024-11-21
Onetik gertu eta txarretik hurbil
Azken aldian, gelditzeko aukera dudanean, batzuetan zer moduz nabilen galdetzen diot nire buruari. Egun batzuetan hamar segundu baino gutxiago behar izaten ditut galdera horri erantzuna emateko, beste batzuetan berriz, pare bat orduko bakarrizketa isila izan nezake nirekiko eta ez diot erantzun aproposik aurkitzen.
Onetik gertu eta txarretik hurbil –
Positibotik hasita, ez nuke gaizki nabilenik esango. Egunerokotasunean egin beharrekoa egiteko indarrak izaten ditut, lanera gustura joaten naiz, arratsalderen batean kirol pixkat egiteko denbora ateratzen dut eta asteburua iristean ingurukoekin planak egitera animatzen naiz, tira, ez da gutxi. Negatibora joaz, egiten ditudan gauzetako askok ez nautela gehiegi pozten esango nuke, benetan egin nahi ditudalako egin beharrean, nitaz antzeko zerbait espero dudalako edo dutelako egiten ditudanaren susmoa dut.
Nire bakarrizketa luzeetan erantzunik gabe geratzen diren galderek dakarten pisua kudeatzeko ez daukat arazo handiegirik. Ernegu handiagoa sortzen dit ordea, norbaitek goibel xamar ikusten nauenean, bere intentzioa onena izanik ere, zer gertatzen zaidan galdetzeak. Momentu horretatik aurrera ezinezkoa da bakarrizketan izandako pentsamendu isil horiek mutu, kateatuta mantentzea. Hitzen bat edo beste aterako zait ziur, baina ganorazko gauza gutxi. Nola nahi duzue nire baitan erantzuten ez dakidana zuei hitzez azaltzea?
Burura etortzen zait institutuan, bigarren hezkuntza ikasten nueneko garaia. Etxera iritsi eta eguna Arrasaten igarotzen genuenez, askotan kontatu behar izaten genuen gurasoen aurrean eguna zer moduz joan zaitzaigun. Eztakit adin kontua edo garai hartako moda kontua zen, nik askotan erabiltzen nituen bi erantzun “sin más” eta “más o menos ondo” ziren. Gurasoei ez zitzaizkien bat ere gustatzen erantzun horiek, ezer ez kontatzeko babes gisa erabiltzen nituela leporatzen zidaten. Gaur egun, hogeita zazpi urte betetzear nagoelarik, erantzun horiek berreskuratzeko ordua iritsi dela uste dut, ea praktikan jartzeko gai naizen.
Ez dadila inor larritu, nik ere badakizkit zoriontsu izan behar garenaren teoria guztiak eta ez pentsatu mutil ezkorra naizenik, nik behintzat ez dut horrelakorik pentsatzen. “Sin más” egun guztiak ez dira berdinak eta gertatzen zaigun guztiari azalpen zehatz bat ematen saiatzea, energia xahutze handi bat izateaz gain, denbora galtzea ere badela uste dut. Famatu egin da txarra kenduta ondo gaudela dioen esamoldea, nahi baduzue horrek ere balio lezake, hori bai, ez etorri txarra zer den galdetzera, kontatuko dizuet dakidanean.
Terraza baten baso aurrean
Ta begira kafeari
Pasa ohi ditut egunik egun
Eguerdi parte ugari
Bueltak ematen alper-alperrik
Beti galdera berari
Gustu pixka bat hartua diot
Gehiegi pentsatzeari
Nahiko lan daukat hutsalak diren
Ondorioak zenbatzen
Arrazoiketa on baterako
Ideiak ez ditut batzen
Egia esaten baino hobeto
Dakigu disimulatzen
Jarraituko dut irribarreak
Prezio merkean saltzen