Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-07-05

Olinpikoki

Olinpikoki –

Gerturatzen behar dute hurrengo olinpiar jokoek, bazirenik gogoratzen ez ginen kirolari eta atletak medioetan existitzen hasi dira eta. Batzuk lehen aldiz sailkatuko dira; beste asko, dominak eskuratutakoak eta ezagunak dira. Horrelakoetan, pentsatzen dut ea nola bizi izan diren azken joko olinpikoetatik, ea nola kudeatu duten kirol horri emanak bizitzea, arretarik eta askotan soldatarik jaso ezinik egon direnean. Galdetuko nieke zenbat aldiz jarri duten euren burua zalantzan, merezi ote duen galdera ez al zaien trabatu pausoan.

Badakit atleta horietako askok bekak eta diru-laguntzak dituztela euren prestakuntzarako, badakit batzuek babesle handiak lor ditzaketela edo bestelako lehia eremuetan jardun. Jakin badakit, horietako zenbait taldean prestatzen direla; eta beste hainbaten bakardadearen jakitun naiz. Eta hala ere, lau urtean behin distiratsu agertzen dira euren markak hobetzera, azkenekotik hona amildegi bat egon ez balitz bezala.

Nola lortzen du batek motibatuta irautea bere onenaren bila, lau urtean behingo zitarako? Emaitza onak lortuz gero hor nonbait, justifikatua geratzen baita eskainitako denbora eta beraz, berriz eskaini ahal izateko baldintzak eskuragarriago daude. Aldiz, esperotako emaitzak lortu ezean, nondik atera prestaketan jarraitzeko ilusioa? Horixe izango da zaletasunaren eta lanbidearen arteko zirrikitua, biak bateratzea posible egin dezakeen edo uka dezakeen muga.

Badakit ez direla konparagarri, baina bertso eskoletan dabilen jendearekin gogoratu naiz kirolari horiei begira. Gure hitzaren kirol nazionalean ere, hitzordu eta babesle gehiago egon badauden arren, lau urtean behingo zita dutelako aurten gipuzkoar askok. Adinez nagusi egin eta zikloa noiz helduko zain egongo ziren batzuk eta beste batzuk zain jarraitu beharko dute, aurten ozta-ozta kanpoan geratuta. Hori du lau urteko tarteak. Prestaketan arituta, bertso eskolan beste ikasten da txapelketan bertan, eta txapelketak irakasten du ondoen egoera horretan nola egin bertsotan.

Olinpikoki

Olinpikoki