2019-11-11
Okurrituko zait zerbait
Okurrituko zait zerbait –
Izaten da momentu bat non bertsotan hasi izana guztiz damutzen zaigun. Niri behintzat halaxe gertatzen zait. Gaia entzun eta zer kantatu ideiarik ere ez daukazun momentu hori. Publikoa zuri begira eta zu aretoko larrialdi irteeren bila, nondik ihes egin pentsatzen. Imajinazioari eragin ezinda, berdina pasatzen zait plazan bakarkako baten aurrean edo inork eskatuta zerbait idatzi behar dudanean. “Okurrituko zait zerbait” pentsatu eta ingurura begiratzen dut horrelakoetan inspirazio bila.
Duela dozena bat urte, zaparro bat baino ez nintzenean, Anboto ikus zitekeen orain eserita nagoen aulkitik. Nire logelako leihoak hegoaldera ematen du, eta goizetan errezelak zabaltzea aski zen hura ikusteko. Sasoi hartan munduko mendi altuena huraxe zela uste genuen gainera, konbentzimendu osoz. Abantaila litzateke oraindik ere etxetik Anboto ikustea. Hari begira, ikusi ez, baina imajinatu ahalko nituzke basahuntzak Larranon gora jauzika, edo sai erraldoiak, zeruko errege, gorpuren baten atezuan zeruan biraka. Imajinatuko nuke pago bakarti baten asperdura eta behelainoaren isiltasuna.
Eta orduan bai, orduan bururatuko litzaidake idazteko zerbait. Akaso esango nuke artaldeko ardi zuritik askoz gehiago dudala basahuntzetik baino, edo bestela behelainopeko pagoa bezala sentitu naizela sarri, ia uda osoa saio bakar batean kantatu gabe pasatzean.
Edo, gazte bat irudikatuko nuke, basahuntzik, pagorik, sairik, behelainorik ikusten ez duena, bere eskumuturreko GPSdun Runningeko Polar erosi berriko kronometroari begira, mendian gora ahalik eta arinen lasterka. Eta zera idatziko nuke: “Ez ote diegu bertsotan ere gure markei gehiegitxo begiratzen, parajeaz ahaztuta. Ez ote dute gure lorpen eta porrotek plazan garena baldintzatzen. Azken finean, ni ere ez negoke berbok idazten ekaineko egun batez zortedun jaiki eta eskolartekoa irabazi izan ez banu. Eskolarteko lagunkoi bezain lehiakorra. Kale edo bale. Sei bertsotako esprina: Kilometro bertikala, pultsometro eta guzti. Lehia zentzubako eta bidegabe samarra mendira egun-pasa lasaian joan nahi duenarentzat, bide batez esatearren.” Edo antzeko zerbait.
Baina horrelakoak bururatzeko beharrezkoa litzaidake aurrean Anboto izatea; esan bezala, ez naiz oso abila imajinazio kontutan. Tamalez, gu hazi garen modu berean hazi da gure herri zahar hau ere, eta eraikuntza enpresen iragarkiek hala aginduta, etxebizitza berriak erne dira lurretik. Horietako zatarrena nire leihoaren eta aipatu tontorraren artean.
Horrexegatik nago orri zuriaren aurrean zer idatzi asmatu ezinik. Hormigoia eta baldosa itsusiak baino ez dauzkat begi bistan, etxepeko plazoletako iturriak ere apenas botatzen du urik. Gaia bota didate, publikoa zain. Okurrituko zait zerbait…