Enare Muniategi
Enare Muniategi

2021-11-05

Oin puntetatik burura, bizi astiro-astiro

Oin puntetatik burura –

Oin puntetatik bururaAurtengo Bizkaiko txapelketa berezia izaten ari da niretzako. Burubelarri, nerbioz, gogoz nabil prestatzen, ezjakintasunaren bertigotik, eta zoritxarrez, amaitzeko desiotik, amaitu eta gozatzen hastekotik esatera ere ausartzen naiz. “Zer zentzu du horrek?” pentsatuko duzue, bada, izan badu. Final laurdenetako azkenengo saioa baino ez da geratzen, kasualitatez, geure saioa. Sarri esan izan dut zozketa kontuetan ez naizela oso zortedun izaten, eta hemen froga, amaierara arte sufritzen. Kontua da nik nahiko nukeela ondo kantatu eta behin saioa pasata, entzutera joan, entzutera soilik, zer esango nukeen pentsatu gabe, bestelako presiorik gabe, entzun, gozatu eta txalo jotzera.

Prestatze honetan, nire buruari esan arren, trena etorri den moduan joango dela, egun bateko kontua dela, saio bat gehiago dela, ondo kantatzea dela nire helburu bakarra eta arnasa hartzeko, ez da hain erreza. Eta neure pentsamenduan murgilduta ibili naizenetan sarri gogoratu naiz Miren Amurizak 2016ko kanporaketetan egindako kartzelakoaz.

Doinu berri bategaz gozarazi zigun “Se me olvido otra vez” kantaren moldaketa atera zuen plaza horretan, eta gaiak zioen “Galdutako bizipoza berreskuratzen hasi zara” eta Mirenek lehenengo bertsoan:

 

“(…)nork esango eustan niri

andra finetan finena

 ia 80 urtegaz

maiteminduko nintzena”

 

Eta bigarrenean:

 

“(…)Ta harrezkero hemen gabiz

geure mamu ta bertigo

oin puntetatik burura

bizi astiro astiro

gorputz honetan bizirik

sentitzen bainaiz barriro”.

 

80 urte urrun izan arren, errimak, joskera, kantaketa, etabar luze honen prestaketan, askotan etorri izan zait akordura Mungiko saio hori, “se me olvido otra vez” esan nahiko nukeen arren, behin eta berriro datorkit gogora azken boladan, ezin burutik kendu. Zergaitik ote? Izan daiteke sentitzea “probablemente estoy pidiendo demasiado” sentitzen dudalako, honaino heldu eta gozatze hutsa asko eskatzea izango balitz bezala sentitzen dudalako, oin puntetatik burura astiro astiro bizi gura eta gorputz honetan bizirik baino estu senti naitekelako. Izan daiteke mamu eta bertigoa ezin kendurik nabilelako agendako egun bakar horren esperoan.

Batek jakin zergaitik ote den, baina, norbere buruari ezin zaio esan larregi eskatzen dagoenik, ez gitxienez, orain zein ia 80 urte ditugunean, geure gorputzetan bizirik sentitu nahi baldin badugu.

Oin puntetatik burura