2024-05-22
Ofiziotan
Teorian, temako ariketa defendatzeko 3 estrategia posible daude: ofiziokideak esana entzun eta osorik hari erantzun, kideari entzun baina erreferentzia erdizka egin, edo lagunak zernahi esaten duela ere nork bere arrazoia bota. Beharbada, joera geroz eta ofizio indibidualistagoak izatea da, txandakako bakarkakoen itxurako elkarrizketak alegia.
Ofiziotan –
Ofiziozko abokatuak bezalaxe, bertsolariak ere, gaiak bere pertsonaiari ezarritako lubakiaren aldea defendatu behar izaten du. Pertsonaia interpretatzen ari den pertsonak izango du, noski, zeresana eszenaren inguruan, eta jakingo du zein jarrera hartuko lukeen egoera benetan emango balitz. Mezua beste norbaiten ahotsean azaleratu beharko du, pentsatutakoa eta esaten dena orekan mantenduz. Imajinatzen dut helburua antzekoa izango dela gainontzeko arte diziplinetan ere. Ez da beraz ezer berria, jokabide guztiek izan ditzaketela aldeko bezala aurkako argudioak.
Akaso poliedro berari ikuspuntu desberdinetatik begiratuta forma aldatzen zaiola jabetzeak, eguneroko bizitzan ere zalantzatiago egiten gaitu. Ezarritako rolak justifikatzen burua nekatu duenak, nekezago izan behar lituzke teoria bat guztiz zuzena den edo egia absolutuaren jabe izateko irudipena. Sendoago edo ahulago, edozein pentsamoldek baititu bere arrazoiketarako heldulekuak.
Alemaniarrek ofizioari beruf deitzen diote. Une jakinetan egin ditzaketen lantxoek job izena har dezakete, baina desberdindu egiten dituzte bata eta bestea. Beruf, hitzak zerikusia du anrufen aditzarekin, hots egitearekin alegia. Itxuraz gutako bakoitzak dei zerutiar bat jasotzen du, bere mundualdiko bokazioa ogibide zehatz batera lerratuko diona.
Burura datorkit gizon bat, bulego batean programatzaile aritzen dena. Gaztetan, Galiziako Costa da Morteko itsasoan hasi zen arrantzan, aita eta osabarekin. Ordea, barkuaren mugimenduak zorabiatu egiten zuen, eta iritzi zion hobe zuela lehorrean ikasketetan gehiago saiatzea, kainaberarekin hegaluzeei tiraka aritzea baino. Horrela etorri zen Eibarko Armeria Eskolara, eta handik berrabiarazi zuen bere ibilbide akademikoa.
Mauriziak Salamankaz dio, estudiante tunante baino, hobe nuela ezkondu. Aldiz, ezagun bati entzuna da, berak ikasteagatik ordainduko balute bizitza guztia pasako lukeela liburu artean. Eta egia esatera, azken aldian borondatezko ziaboga profesionalak ere oso modan daude. Postu eta soldata finkoa utzi eta eskulanak egiten hastea, entrenatzaile pertsonal bihurtzea edo atzerrian jan aldera bizitzea.
Bistakoa da gremio tradizionalen gainbehera. Ikasgela batean galdetuko bagenu zer izan nahi duten handitan, ez lirateke igeltsero, okin, dendari eta mekanikari asko agertuko. Batzuk ezinbestean galtzen dira, perratzaileak edo zapatariak kasu, baina beste askori uko egiten ari gatzaizkie. Irudipena dut, lanbide heziketak gehitxo famatzen ari ote diren, beren seme alabak buzoa jantzita ikusi nahi ez lituzketen zenbait.
Zortzi orduko eredu zurrun eta egonkorretan, peoi hasitako postu berean jubilatzea ohikoa izan da. Umetan aitak esaten zigun, atsedenean jateko tailerrera eramandako ogitarteko guztiak bata bestearen atzerik jarriz gero, etxetik lantokira arteko bidea osatuko zukeela. Irakaskuntza masterra egin berritan, Lekeition bizi eta Oionen bi eguneko ordezkapena egitera doanak ezin esango du gauza bera.
Oporretatik bueltatutako bakoitzean tokatzen da hausnarketa aldi bat. Ondorioztatzeko ez genukeela zoriontasuna lanetik ihesean oinarritu behar, aste barruko egunerokoa goxatzeko moduak asmatzean baizik. Galdera eternala da zer nolako lanbidea nahi genukeen: Deserosoa izanda ere soldata altua duena, edo gutxiago irabazi arren gustura egiten dena. Erabaki zaila da, bertsokideari erantzun edo ez aukeratzea bezain konplikatua. Nire inguruan, gehienak bat datoz ordainsariaren aurretik lanaren atsegina lehenetsi behar dela esaten; baina bada ezpada, umore hobea izaten dute ostiral arratsaldean, igande gauean baino…