2021-10-22
Noraezean
Noraezean –
Ziurgabetasuna bizimodu bihurtzeko premia sentitu duen belaunaldikoa naiz, akaso. Hautuz baino, halabeharrez ibili naiz hara-hona sarri. Noraezari etekina ateratzen ahalegindu garenean, «konpromisorako gogorik ez» omen duten belaunaldi izatea egotzi digute. Anarik kantatu bezala, badira «lurrikaratzen diren lekuetan lasai bizi den jendea»; eta gu ez dakit lasai bizi garen, baina oinpean dugun lurrak dardara egiten duenez, ezin gara geldi egon; lurrarekin gabiltza dantzan, kontrako hankarekin harrapatu gaituen bals batean.
Eta hala ere, zenbat pendulu-balantza egiten dugun mikroaren aurrean bertsoaren lehen hitzak ebaki ezinda. Amaiera pentsatuta izanagatik, haraino nondik abiatu kalkulatu ezinda. Gehienetan, esango nuke ez dakigula ze bidetan barrena iritsiko garen. Izango da ez dudala behar beste entrenatu, izango da ez dudala eskema osatzeko azkartasunik. Baina horri esker gozatzen dut bide horretan gehien.
Amets Arzallusi irakurri diot noraezean ibiltzea duela «gustukoen», izan nora joan ez dakielako, edo izan nora iritsi jakin nahi ez duelako. Nik erantsiko nuke noraezean iristen garela genituenik ez genekien pentsamenduetara, bazirenik ohartu ez ginen portuetara. Eta esplorazio horretan aurki dezakegunak berak lotzen gaitu bertsora, gainera. Gutxi batzuetan gertatu izan zait sarrerako punturen bat aurrez abiapuntu izan dudan bukaera baino hobea izatea (bale, agian bukaera bikainik otu ez zaidalako). Baina horrek sortzen duen pizgarria eta asetasuna nekez lortzen dira aurrez marraztutako bidean barrena.
Arzallusek berak idatzi bezala:
«Destinu zehatz baten bila abailan dabilenak bide ertz ederrak uzten ditu deskubritu gabe, eta noraezean doanak uste gabeko deskubrimendu asko egiten du, buruan zuen hasierako destinu hura baino askoz emankorragoak».
Eta «inon ez egon nahia» ez da beti inon egon nahi eza, eta ez du beti «ezinegona» ekartzen derrigor. Ezin egon denari ibiltzeko bide motibagarri bat zabal dakioke aurrean.