2016-12-28
Nondik eta nori kantatu
Nondik eta nori kantatu –
Bertso-eskolan haurrei zein ikasle gazteei inork aipatzen ez dizkien kontu asko daude, gerora funtsezkoak izango direnak norbaitek bertsolari gisa bidea egin nahi badu. Ikusten ez diren baina hain garrantzitsuak diren kontu horiek biltzen hasi behar genuke eta, ahal dela, etorkizuneko bertsolariekin lantzen. Bertsolari ibilbidea egiten ari denak alferrikako edo ustekabeko sufrimendurik izan ez dezan.
Esaterako, zein den bertsoa sortzeko abiapuntua: ni, zu, hura, gu, zuek ala haiek.. Ni/Gu eta hura/haiek gogoeten eta pertsonaien parte dira; zu/zuek, aldiz, entzuleak dira.
Badira bertsoa nagusiki publikoari begira eraikitzen duten bertsolariak. Bertsolari hauek oso kontuan hartzen dituzte entzuleak eta, seguru asko, bertsoaren funtzioetan publikoa entretenitzea, publikoari ongi pasaraztea, barre eginaraztea… lehenetsiko dituzte, beste funtzio guztien gainetik. Oso presente daukate nori kantatzen dioten eta, publikoaren nolakotasuna xehe aztertzen dute.
Badira, bestalde, norbere barruan ideia, hitz, mami, kontraesan, emozio, irudi, esangura… ederrenaren bila hazi diren bertsolariak. Publikoari kantatzen diote hauek ere, baina, norbaitengana iristeko norbaitengandik abiatu behar den ziurtasuna dute bertsotako iparrorratz. Eta norbere baitan dagoena arakatzen eta hobetzen zentratzen dira, batik bat.
Bertsolari onek bi aldeak hartzen dituzte kontuan, zalantzarik gabe. Bietako edozeinek huts egiten badu, herren samar geratuko da, ez seguruenera bertso konkretu bat edo beste, bertsolari horren ibilbidea baizik. Eta bertsolari hori deseroso sentituko da seguruenik, ez duen edo oraindik landu gabea duen abilidade hori faltan sumatuz oholtza gainean.
Eta bi aldeetako batek balantzan pisu handiegia hartzen badio, krisian sartzeko arrisku handian egongo da bertsolaria. Konturatuko da balantza desorekatu horretatik ezin duela plazaz plazako ibilbidean jarraitu, sufritu gabe. Berak hain ederki egiten duen hori, askotan, hutsala irudituko zaio, besteek egiten dakitenaren aldean.
Krisi horrek arrautza-oskola haustearen tankera handia izango du. Baina arrautza-oskolak hausteko bi modu daude: arrautza kanpotik apurtzen bada, bizitza amaitu egiten da; barrutik apurtzen bada, ordea, hasi egiten da bizitza.
Urte berriak eman diezazuela arrautzak barrutik apurtzeko kuraia!