2023-11-06
Nolakoa da bertsolaria?
Nolakoa da bertsolaria? –
Gaur egun, euskal gizartean, bertsolariak gainbaloratuta gaudela uste dut. Jendeak bertsolariak pertsona azkarrak garela uste du, azkar pentsatzeko gaitasuna dugula, iritzi landua daukagula existitzen diren gai gatazkatsu guztien inguruan.. Hamaika laudorio entzun izan ditut gure jardunaren inguruan. Bertsolaria zarela esaten duzunean jendeak pentsatuko du euskal musika entzuten duzula, asko irakurtzen duzula, kriteriodun ezkertiarra zarela, feminista…
Behin baino gehiagotan nabaritu izan dut neska ilehori tuntun xamar bat izatetik nola pasatu naizen pertsona ziurrenik azkar eta errespetagarri bat izatera jendearen begietan, bertsotan aritzen naizela jakin izan dutenean. Noski, nik ere erabili izan dut hori nire intereserako.
Hala ere, susmoa daukat bertsolariok ere ez ote dugun uste garena baino azkarragoak garela, eta esateko duguna funtsean dena baino askoz garrantzitsuagoa dela. Jartzen diguten edozein gairi buruz kantatzeko gaitasuna eta zilegitasuna aitortzen diogu geure buruari.
Gauza batzuk argitu nahiko nituzke:
- – Bertsoak osatzen jakiteagatik, ez zara azkarra. Nire LH6ko ikasleek ere egiten zuten. Silabak kontatu eta errima jarri. Hori ikasi egiten da.
- – Bertsotan egiteagatik ez zara idazten ona izango, ez duzu oratoria ona izango, ez zara antzezten ona izango, rapeatzen.. badago jendea ona dena, baina bertsotan egiteak ez dizkizu gainontzeko gaitasunak ematen.
- – Ez dakigun gai askori buruz hitz egiten dugu. Agian hori da gure gaitasunetako bat: ideiarik ez dugun gauzei buruz ere hitz egiten jakitea.
- – Bertsotan edonor dago: diskurtso landuena duen bertsolaritik parrandari buruz soilik kantatzen dakienera. Beraz, ez gaitzazue denok zaku berean sartu, arren.
Besterik gabe, ohar hauek gizarte orokorrak jainkotu ez gaitzan, eta, batez ere, ego batzuk apur bat lasai daitezen. Muxus.