2017-10-16
Nik sinesten dizut
Doinua: Ez da marineletan
1.Hainbeste biolentzik
eta hainbeste izuk
sortutako zauriak
sendatu nahi dizkizut.
Kontakizunen artean
orain arte zenbaitzuk
soilik zuten oihartzuna
-hausnar dezagun zeintzuk-.
Nahiz ahots dardartian
zalantza eduki zuk
ni entzuteko prest nago
eta sinesten dizut.
2.Lasai ateratzeko
barruan daukazuna
hesteak, amorrua,
samina, behazuna…
Testigantzek barnebiltzen
dute gordintasuna
urte luzeen ondoren
hautsiz isiltasuna.
Ez dut zalantzan jartzen
esan nahi didazuna
borroka eremu bat da
sinesgarritasuna.
3. “Euskal gatazka” baten
barne ekuazioa,
beste biolentzia
moten erlazioa…
Aitortza kolektiboa
da liberazioa
emakumeak osa
dezan narrazioa
zilegitasun osoz
hartuz espazioa
horretan ere behar da
erreparazioa.