2023-02-10
Negutik
Negutik –
Bidaiatzen hasi naiz
Nire buruan barna
Argi izpi bat xerkatuz
Zorion aztarna
Bakarrik topatu dut
Nire barne zama
Guztia arintzeko
Izango dut lana
Bidean antzinatuz
Tristurak narama
Helmuga non ote da?
Falta zait andana.
Hobe begiak itxi
Ta itzuli neugana
Baina iluntasuna
Da ikusten dudana
Barearen ostean
Badator galerna
Espero ekaitz horrek
Baretzea sena
Ez baitakit oraino
Ni naizen problema
Mirailak erantzutea
Da dudan onena
Harek erakutsi dit
Ariman eskema
Ta argiki esan dit
“Ikusi zarena”
Azala erakutsiz,
Kukutuz barrena
Isladak ez dit uzten
Ikusten naizena
Nola maita dezake
Nork bere kaosa?
Nor da gai entzuteko
Ixil den ahotsa?
Nork ez du inoiz pasa
Beldur edo lotsa
Beharko lukenean
Berez harek goza?
Irrifar egitera
Egiten naiz bortsa
Baina nola bihurtzen
Da tristura poza?
Noiz joango da hemendik
Nire negu hotza?
Eguzki eskean dut
jadanik bihotza