2021-03-11
Naturaz
Naturaz –
Doinua: Muazko heriotzarena
Natura babestea
Daukagu ahotan,
Ekologista hitza
Aipatu askotan.
Modernitatearen
Mundo ero hontan,
Inork egiten al du
Naturaz bertsotan?
Lazkao Txiki zena,
Nahi bada aditu,
Leihoko txantxangorri
Hilaz zen aritu.
Pantailak egin gaitu
Erdi txilibitu,
Txantxangorriak zeinek
Begiratzen ditu.
Primaderari kantuz
Ari zen Xalbador,
Sagarrean xori bat
Kantari dago hor,
Naturaren miresle,
Gure ustez jator,
Kanpoa ikusteko
Ba al dago inor?
Luis Otamendik ere
Bazuen gogoa,
Bertsotan aipatzeko
Etxeko pagoa.
Orain kaleumea
Basoan badoa,
Dena dugu berdina,
Arbola mordoa.
Bilintxek kantatuak
Zaldi zuriari,
Umore fina zaio
Barruan nabari.
Erreparatu ondo
Gure begiari,
Kartoiakin egina
Dugula dirudi.
Pedro Mari Otañok
Hitza lanabesa,
Hegaztiak sortuko
Baitzion zer pentsa.
Ederki aldatu da
Gure interesa,
Bereizten ote dugu
Parean txepetxa?
Beloki “Motza”renak
Nolako lilura,
Animali, lanabes,
Multzo eder hura!
Ulertzeko gai garen
Badut nahiko duda,
Bidean galdu dugu
Mendiko kultura.
Estresaren menpean
Bizi gara sarri,
Natura ez al dugu
Gure lasaigarri.
Begiak zabal-zabal,
Arreta hor jarri,
Inguruaz gozatuz
Bertso batzuk jarri.