2022-06-22
Nafarroa gori
Nafarroa gori –
Doinua: Zazpiak oihal batetik
Garai ilunen hainbertze zauri,
areketako hilobi
Euskaltzale ta espainolisten
arteko mila istori
Hamaika liskar ta suteetan
sarritan gara erori
Gaur egiazko suek ipini
dute Nafarroa gori
Uda hurbiltzen doan honetan
indartu zaigu sugarra
Angustia ta mina piztu da
itzali da irribarra
suak azaldu ohi du bizitza
honen metafora zaharra
Eraikitzea zein motela den,
Suntsipena zein azkarra
Obanosetik Erreniegara
Garesetik Artazura
Olleta aldetik Eslabaraino
ta handik Galipentzura
San Juan bezpera baino lehen suak
galdu du bere lilura
errua berak omen du baina
norena ote da ardura?
Prebenitzeko errekurtsotan
hustu behar denez sakela
aurreztea ta paso egitea
da zenbaiten erregela
Jakin behar da hainbat adituk
aipatu duen bezela
hurrengo udako suak neguan
itzali behar direla
Suhiltzaileak, lehertuta dabiltz
gelditu nahian kolpea
Gehiago behar ditugu baina
daudenekin ze zortea!
Beraz zaila da honen aurrean,
bat ez baita arlotea,
erretakoa ikusi eta
erreta ez egotea
Gaur Nafarroan ezinegona
ta beldurra da nagusi
Naturak bere bortizkeria
gurean du erakutsi
keak lehortu dituen hainbat
begi malkotan ikusi
Hamaika sute piztu da baina
zeinen argitasun gutxi