Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2020-12-23

Mugak

Mugak –

Bertsoa beti izan da zubi. Hainbat norabidetara gurutzatzeko zubi, gainera: entzuleengana, ofizio-kidearengana, audioz jaso duen edonorengana, oroigarrian oparitu diotenarengana… baina baita egoera batzuetara eta norbere baitara ere. Sekulako tresna daukagu, komunikaziorako. Ez komunikaziorako bakarrik, ordea. Lehen helmuga hori gaindituz beste gizarte bat pentsatzeraino eraman gaitzakeen tresna da bertsoa, Euskal Herri bat praktikan bizitzea eta gauzatzea ahalbidetzen diguna.

 

Mugak

 

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua ere Euskal Herri osoan gauzatzen da, Euskal Herri osoa gauzatzen du (zeharka bada ere). Ez dago muga burokratiko eta administratiboetatik salbuetsita, eta horrek tokian tokiko errealitatera egokitzeko sei elkartetan banatuta jardutea dakarkio. Norabide eta estrategia bateratua izan arren, sei gune bereizitan antolatzea eskatzen dio egoerak. Muga horiek beti egon dira hor eta ikuspegi nazionalarekin ari den ezein proiektuk horien gaindi funtzionatzeko tresnak landu ditu.

Euskararen lurralde osoa hartzen duten proiektuetan ere, kosta egiten zaigu beste aldekotzat ez hartzen ezarritako muga gurutzatu dutenak (beno, besteak; ze beti besteak dira beste aldekoak, sekula ez gu). Aspaldikoa da bertso saio batean nola amaitu beharra adierazi zuen aurkezleak, “frantsesek” ere “etxeraino” joan behar zutelako eta ezaguna da Xalbadorren emandako erantzuna: “hemendik ez da frantsesik joanen / handik ez baita etorri”.

Kosta egiten da ezartzen dizkiguten mugak egunero praktikan jartzen dizkigutenean ez barneratzea. Nola Autonomia Erkidegokoak, nola estatalak, nola orain, lurralde historikoen artekoak edo herrien artekoak ere. Zenbat kostatzen den mugak lausotzea eta zein erraza den urratu berriak marraztea. Ironikoki, mugez ulertzen ez duen eta munduko txoko guztietara hilabetean zabaldu den izurri batek ekarri dio mugez aurretik asko dakien herri honi mapan zauri berriak agertzea.

Ziurtagiriak behar ditugu gure proiektua ondoko herrian gauzatzeko; zeresanik ez, beste probintzia batera edo beste lurralde batera gurutzatzeko. Gurutzatzeaz ari gara, kontrolez ari gara, ziurtagiriez ari gara. Laster, baimenaz hitz egingo dugu. Eta asko kostatzen da muga horiek ez barneratzea. Asko kostatzen da, marra horien gainetik eraikitzea, batasun bat elikatzea.

Azken saioetan bertsokideon artean gertatu da bakoitzaren lurraldeko legeen berri galdezka jardutea, gairen batean gaizki ulertuak sortzea, eguneroko praktikan lurralde arteko muga erreal bihurtu delako, bi lege desberdinen arabera ari garelako bizitzen. Ez da kontu berria, baina marra zaharrari marratxo berriak ari zaizkio irteten. Jartzen dira errazen, ea larrialdi egoera noizbait baretzean denean ere kostako zaigu imajinariotik eranzten, orbanak orbaitzen. Mugagabe eta mugaz gaindiko proiektua da hitza, baina helmugaraino zeharkatu beharraz kezkatu ordez, nahi nuke zeharka gaitzan kezkatu.

Mugak
Mugak