Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-11-09

Mugagabean

Mugagabean-

Kantuan hainbatetan erabiltzen dugu mugagabea, izan errimatu ahal izateko zein 10/8an kabitzeko. Sarritan aldarrikatzen dugu mugarik gabe abestea, beste hamaika aldiz kantatu izan dugu mugen kontra, zenbatetan askatasunaren alde, kateak apurtzearen harira eta esan nahi duguna libre esatearen alde.

Zenbat alditan, hilabete batzuetan asteburu beste saiotan, entzule zein kantuan, bertsoaren berotan egon izan garenean, ideiak zehaztu nahi eta ezin mugagabetik atera. Broma dirudi mugagabetik atera nahi izatea, berez mugarik ez duen zerbaitetatik. Baina, broma ematen duen arren guztiz mugatuta gauden honetan ezin bost kilometro zeharkatu ilegalak izan gabe, edota umetan eskolara gaixorik egon ostean egiten genuen eran justifikantea erakutsi behar dugu lanera joateko. Eta ahaztu kontzertuez, edo herri bat baino gehiago zeharkatu behar dugulako, edo bertan behera geratu behar izen direlako; liburu azokez, antzerkiez, erakusketez,… Eta zelan ez agendan apuntatutako hamaika saioak ere ahaztu (hamaika zeozer esatearren mugagabean).

Mugagabean zenbatetan aritzen naizen konturatu ere ez naiz egiten, ez dakit ziur, eta ez naiz seguru aritzen aditza mugagabean deklinatzen kasi. Baina, gauza bat badakit seguru: Kultura segurua dela. Letra larriz idatzi eta esan beharreko esaldia da hau.

Segurua eta beharrezkoa bizirauteko, arnasteko besteko beharrizana dugu. Eta horrenbeste muga artean aritu behar dugun bitartean zelan biziraun, Berri Txarrakek abesten zuen legez “bizi ala iraun”. Eta hori da nire galderetako bat, zertan ari garen, bizitzen ala irauten? Edo gure bizia uzten beste batzuen bizi estiloak iraun dezan?.

Legearen zirrikituetatik ur-jauzi bat legez irteten da artea, abesteko, antzezteko zein adierazteko asmo eta ametsak. Eta mugak, muga ezak, berbakerak, eta legeak aparte utzita, azaldu gauza bat mesedez: lanera joatea segurua bada zergatik antzerkira ez? Liburu azokatara? Kontzertuetara? Bertso saioetara?. Hau da, noizko kultura martxan era seguruan? Eta mesedez, ez erantzun mugagabean.

 

Mugagabean

 

Mugagabean-