2023-02-23
Mozorro besta
Mozorro besta –
Inauteri garaia dugu gurean. Hamaika herri, hamaika mozorro… Euskal Herrian ez dago herririk, neurri batean edo bertzean, mozorroen besta saihesten duenik, bere kulturaren parte sentitzen ez duenik, bere bizitzaren parte… Ume-umetatik hasi eta adin guztietako pertsonak ikusi ditzakegu karrikak betetzen, bere mozorroa jantzita. Eta mozorro horien artean, Euskal Herri osoan hain ezagun ditugun pertsonaia ezberdinak, herrietako ikur bilakatu direnak. Denontzat dago lekua inauterietan, denok dugu mozorrotzeko aukera egun hauetan zehar
Zako zaharrei buruz idatzi nezakeen, igandean Lesakako karrikak bete zituztenei buruz. Idatzi nezakeen Tolosaz, ortzegunetik besta amaigabe batean murgilduta bizi den herriaz. Aipatu nitzakeen inude eta artzainak. Edo Ziripot eta Miel-Otxin. Edo Atorrak Mundakan. Libertimenduek ere merezi lukete idazteko tarte bat eskaintzea. Edo Iruinkokoak. Edo Mamoxarroek…
Baina tamalez, aurten bertze mozorro batzuk etorri zaizkit gogora. Beti existitu direnak baina orain 20 urte, berriz ere, bere indar eta gorroto guztiarekin gure bizitzak aztoratzera etorri zirenak, helburu bakar gisa euskal kultura, euskara, euskaldunok… umiliatzea eta hankaperatzea (hankaperatzen jarraitzea izanen litzateke egokiena, ezta?) zutenak.
Bai, nik ere gogoan dut 2003ko otsailaren 20 hura. Bai, nik ere amorruzko malkoak isuri nituen egun haietan. Eta tristurazkoak. Eta beldurrezkoak… Hogei urte pasa dira egun hartatik eta denok oroitzen dugu non geunden, zer egin genuen eta zer sentitu genuen. Kezka, ezinegona, haserrea…
Eta egun haietan, inauteriak ez ziren arren, mozorro besta ikaragarria ikusteko aukera eduki genuen. Aurpegia estalita ordu txikietan hainbat etxe eta eraikin bortxaz ireki zituztenez gain, burura datorzkit beraien “baskofobia” demokraziaren defendatzaile sutsuaren mozorroaren pean ezkutatu zuten hamaika pertsonaia eta haiek errandakoak:
– “Euskarazko egunkaria ixtea, euskararen aldeko operazioa da”
– “Euskal kultura bultzatzea aitzakia gisa harturik, talde armatu baten parte zen”
– “Balak ez dira hiltzen duten bakarrak, hitzek ere hiltzen dute”
Astakeria hauek eta antzekoak hainbertzetan aditu genituen egun horietan eta ondorengoetan, hogei urte beranduago erran eta idatzitakoek zuzendu ez dituztenak, gezurra zirela ederki dakiten arren. Nahiago dute beraien mozorroa erantzi gabe bizitzen jarraitzea
Bizitzan sarri ikusten dugu mozorrotuta doan jendea, benetako aurpegia izkutatu nahi duena, horrek beraien asmoak lortzea erraztuko dielakoan. Euskal Herrian ere mozorrotuta joatea ohitura bilakatu zen urte luzez, mina eremu aunitzetan barreiatuz.
Mozorrotzea hainbertze maite duen herrian, behingoagatik utzi ditzagun maskarak inauterietarako bakarrik.