Mozkorrarenak –

Doinua: Oriko xoria
Izotza, ron eta kola.
Ohitu izan gara hola,
gero galtzen da kontrola
amaitzeko edonola.
Gureak ez du axola
eta besteenak, nola.
Joatean tabernara
lagunarte batetara
hitz bakoitza da algara
faltsu baten abiada.
Ipintzen dugu maskara,
hipokrita hutsak gara.
Eta heltzen da eskea,
ordaintzeko lehen “eske”a,
gure nahia gorestea,
besteena ezeztea.
Gure hitzak sinestea
bihurtu da antzeztea.
Nahiz basorik ez apurtu
duenaren nahia gurtu
haustean ez zen izutu
eta orain datza mutu.
Ez nuela zait damutu
edan gabe ezagutu.
Orain dira bostak eta
hemezortziak beteta.
Igo dut galtzen brageta
eta jantzi dut txaketa
ospatzeko ehorzketa.
Hiruretan zen hileta.
Goibel heltzen zen ondora
nola ez zen egongo, ba.
Heltzea gaitzen errora
omen zen haren mejora,
baina joan da zulora.
Han hobeto egongo da.
Elizara heldu gabe
ostatua parez pare
badut, han sartu naiz jare.
Haize-kontra, haize-alde,
joaten banaiz oharkabe
topa egin nire alde.
Satsu, zarpailtsu, kazazu,
hitzak hartuz jo eta su
nitaz aritzen zara zu.
Zuk niregatik, errazu,
penarik ba al daukazu?
Pena ematen didazu.