2022-06-23
Monopolya
Monopolya –
Gure haurtzaroan ez geneukan Nintendorik, Playstationik, ez halako tramankulurik. Asko jota, aitabitxiren batek oparitutako bi pantailako “makinitaren” bat geneukan, botoidun pilak ere orduantxe ikusiko nituen lehen aldiz. Mahai jokorik ez zitzaigun falta ordea, karta jokoak, katetoak, partxisa eta antzarren jokoa ohikoak ziren etxe askotan, beste mahai joko batzuk Olentzerok helerazten zizkigun. Azken hauen artean Monopolya izango zen esanguratsuena edo pasio gehien sortzen zituena. Ez nago ziur, baina jokatutako partida bakar bat ere ez dudala bukatu esango nuke.
Monopoly jokoak istorio bitxia du bere baitan, euskarazko wikipedian bederen aipatzen ez dena. Tradizionalki, Charles Darrow ingeniari estatubatuarrari esleitzen zaio joko honen egiletza, 1929ko Depresio Handiaren ondoren bere lana galdu zuen ingeniari estatubatuarrari. Beste behin ere, historiak emakume bat itzalean utzi du, izan ere, emakume bati egotzi behar baitiogogu Monopolyaren jaiotza. Elizabeth Magie Phillips, asmatzaile, poeta eta emakumeen eskubideen aldeko aktibista da, 1902an The Landlord ‘s Game (lurjabearen jokoa) izeneko jokoa sortu zuena.
Magie, Henry Georgeren ideia ekonomikoen jarraitzailea zen, geoismoaren teoriaren adierazle nagusia. Teoria honen arabera naturatik lortutako aberastasuna denen artean modu ekitatiboan banatu behar da. Ekonomialari estatubatuar honek zerga sistema bakarra proposatzen zuen lurreko errentak zergapetzeko eta herritarrei diru-sarrera horiek bideratzeko (gaur egun oinarrizko errenta unibertsal gisa ezagutzen dugunaren aurrekaria).
Magiek 1904an atera zuen bere jokoa, eta jendea ideia horien inguruan kontzientziatu nahi zuen. Bere jokoak, jabegoei, alokairuei, zergei eta espetxeei dagozkien laukitxodun taulak zeuzkan, jatorrian bi arau multzo zituen eta jokalariak, ados jartzen baziren, edozein unetan alda zitezkeen batetik bestera.
Lehen araudia antimonopolikoa zen, hau da, jokalari batek jabetza bat eskuratzen zuenean, beste jokalari guztiek irabazten zuten zerbait, eta jokoa amaitzen zen diru gutxiagorekin hasten zenak bere aberastasuna bikoizten zuenean.
Bigarren araudia monopolikoa zen: lehentasuntzat ezartzen zuen ahalik eta jabetza gehien bereganatzea eta gainerako jokalariak funtsik gabe uztea, besteen laukitxoetatik pasatzen ziren bakoitzean tasa bat ordaindu behar baitzuten. Espetxe-zigorrak ere bazeuden zordunentzat. Bertsio honek izan zuen arrakastarik handiena eta azkenean nagusitu zen jokoaren bertsioa izan zen, hain zuzen ere, kontrarioa birrintzea eta ahalik eta diru eta ondasun gehien pilatzea ahalbideratzen zuena.
Magieren jokoaren helburua bi eredu ekonomikoen arteko desberdintasunak eta Georgek bultzatutako sistemaren abantailak erakustea zen. Magiek 1905ean lortu zuen bere asmakizuna patentatzea. Urte asko geroago, 1936an, Parker Brothers jokoak inprimatzen dituen enpresak patentea 500 dolarren truke erostea eskaini zion. Baina hilabete batzuk lehenago, 1935ean, Charles Darrow ingeniariak (Magieren jokoa 1924an ezagutu zuen) oso bertsio aldatua patentatu zuen, Monopoly hitza erdian sartzen zuena. Ospe handia lortu zuen berehala, eta milioika kopia saldu zituen. Parker Brothersek patentea ere erosi zion, baina Magieren kontratuan ez bezala, Darrowrenak egile-eskubideengatiko ordainketak barne hartzen zituen, eta, beraz, Darrow milioidun bihurtu zen.
Joko berak bi araudi zituen hasieran, antimonopolikoa eta monopolikoa, baina azken hau gailendu zen. Bertso munduak ere baditu bere idatzi gabeko arauak eta galdera airera jaurtiko dut, plazan eredu antimonopolikoa edo monopolikoa ari da gailentzen? Bertsolarien bizi eta lan baldintzek hobera egin dute azken urteetan? Edo gaiztotu egin dira? Elkarte edo herri eragileek antolatzen zituzten saio asko instituzioek antolatzen al dituzte egun? Instituzio publikoek antolatutako saioetan, bertsolarien lan baldintzen hobekuntzak jauzi kualitatibo bat eman al du edo ez derrigorrez? Bakoitzak bere erantzunak izango ditu, neuri ere batzuen erantzuna bilatzea kostatzen zait. Pitean-pitean, gai hauek eta beste zenbait kezka ateratzen dira bertsolarien artean. Hurrengoan gehiago eta hobeto ahal bada, bitartean hausnarrera noa, etxe ondoko behien antzera, hazienda ederra dauka, lastima ez ginela kasilla horretan erori, edo eskerrak, batek daki!