Enare Muniategi
Enare Muniategi

2020-07-01

Modako hitzak

Modako hitzak –

Modako hitzak
Villabona. Arg: Bertsozale Elkartea

 

Normaltasun berria”, modako hitzak, berrietako notizi, ez berria eta ez normala ez den garai honetan.

Normala hitza, edo terminoa bera ez zait larregi gustatzen, baina, egoera, sentimendu, bizipen, fenomeno, edo dena delako guztiari etiketa bat jarri behar diogun honetan, pandemia ezin da gutxiagorako izan. Hori bai, ez dakit egoerari hitz egokiena jarri diogun titular bezala.

Orain artekoari, betikotzat hartzen dugun horri normal deitzea inteligentea al da? Hogei urteko gazte batentzako, honen gurasoentzako eta amuma eta attitterentzako, kontu berdinak al dira ohikoak?

Lehengo bizi erritmoa ere ez zen normala, bizia ematen digun lurra akabatzeko arrapaladan ibili gara (eta ari gara oraindik) erosten, lanean, bidaiatzen. Gure biziaren kontra egiten duten gauzetan gastatzeko beti dago dirua; ostera, kontzertu baterako sarrerak ordaintzeko, antzerki bat ikusten joateko, zinemarako, liburuak erosteko, kulturarako orokorrean dena iruditzen zaigu garestiegi. Eta jokabide hauek normalak al dira?

Gurean ere gauzak ez daude horren ondo, saioak eskolako pupitreak bezala jarrita azterketan albokoari ez kopiatzeko, pozgarria da plazara, jendaurrera, aurrez aurre kantatzera itzuli izana, baina asko aldatu dira gauzak, orain ezin elkarri belarrira esan zenbat gustatu zaigun bertsoa, edo albokoari gaia errepikatzeko eskatu ez garelako adi egon, txisteren bat komentatu, etab.

Lehengo normaltasunetik asko galdu dugu eta eskerrak, eta normaltasun berrian asko irabazi dugu eta eskerrak. Baina, izan gaitezen kritikoak eta pentsatu: Zerbait normala bada, orain artekoa normala izan da? Eta zeozer normala bada, hau normala da?

Esandakoa, modako hitzak, hitz ez normalak ez berriak.

Modako hitzak