2022-01-11
Miserableak
Miserableak –
Hemen doa nire aurtengo lehenengo sorta. Gure aitari ikasitako doinu batean jarria dago, Zumaian Gabon kanta moduan abesten dena, zortziko txikikoa. Oso polita iruditzen zait, ez batere zabaldua, eta horregatik aukeratu dut. Ea gustuko duzuen.
Doinua: Hogeita laugarrena degu abenduan
Victor Hugok nobela
Batentzat izena,
Dena ez zen orduan
Bukatuko, pena.
Miserablea baita,
Gauza nabarmena,
Besteren desgraziaz
Aberasten dena.
Saltoki-kate handi
Horien jarrera,
Abeltzainak bidaltzen
Dituzte lurpera.
Derrigortzen dituzte,
Kontuak atera,
Esnea kostuaren
Azpitik saltzera.
Etxebizitzarenak,
Zein aspaldikoak,
Gazteak urrun edo
Zorretan itoak.
Errentara jarriak,
Zein turistikoak,
Berriz aberastuko
Dira betikoak.
Argi-indarrarekin
Hemen ez da giro,
Aspaldi hontan beti
Igo eta igo.
Hortarako ba al da
Nahikoa motibo?
Batzuk aberastuko
Zaizkigu berriro.
Gasarekin ez nago
Zeharo ahaztuta,
Hauek ere goraka,
Guztiak nahastuta.
Handiak txikiaren
Penarik ez du ta
Poltsikoak berotu
Pobreak hoztuta.
Etorkinekin ere,
Tristea benetan,
Batzuk “kanpora” hitza
Dute ezpainetan.
Baina lanean daude,
Guztion penetan,
Kontraturikan gabe
Euren tailerretan.
Pandemia garaian
Zer nolako kezkak,
Kontaktuak, gaixoak,
Umeen erreska(da)k.
Hala izan direla
Aurten Gabon festak,
Garestitu dituzte
Antigeno testak.
Miserable ugari
Ditugu munduan,
Aurkitu ditzakezu
Zure inguruan.
Bizitza hobetzea
Harturik buruan,
Haien aurka jarraitu
Dezagun guduan.