Egoitz Zelaia
Egoitz Zelaia

2025-02-24

Minaren begirada / Begirada-mina

Minaren begirada –

Doinua: Todo cambia (Julio Numhauser)

Minaren begirada
Arg: Александр Логунов

 

 
Eskolako irteeran
mihian pozoia duten
bi lagun dira jarduten
diva handienen eran.
 
 
Neskato bati begira
batak besteari, nonbait,
irrigarria den zerbait
erran dio belarrira.
 
 
Nestakoa ohartu da
baina deus erraterako 
egin diote eskapo
mamu mamutxen modura.
 
 
Aurrena begirada bat,
bigarrena jin da gero, 
haserako begiradak
hitzak dira honezkero.
 
 
Ez doanez baretzera,
amorrua irentsita
eta begiak itxita 
ihesi doa etxera.
 
 
Nahiz inportantzia kendu,
irribarreak iraina
badakar, ez da liraina
pertsona bat eraisten du.
 
 
Behin etxean, dohakabe, 
zakua utzi du mahaian
inor begiratu gabe
negarrari eutsi nahian.
 
 
Azkartuaz abiada
zuzen joan da gelara
eskatu nahian bezala
lurrak irentsi dezala.
 
 
Negar deskontsolatuak
sorturiko olatuak;
pena, min, izu, zein kalte
irentsi ote ditzake?
 
 
Gogoa du aurkitzeko
bere barnean oreka
hitzak itsutzeko eta 
begiradak isiltzeko.
 
 
Justu momentu horretan
aditu du kax-kax hotsa;
azalpenaren zorretan
haren aitaren ahotsa.
 
 
Eskuetan dakar dena: 
askariko madalena, 
esnea, gozo birbirak, 
kanela eta irri bat.
 
 
Aita ohean jarri da
isilik eta begira.
Hitza ona da, ordea,
isiltasuna hobea.
 
 
Nahiz eta ez zen helmuga,
aitaren beso artean
babesten den bitartean
lasaitasuna heldu da.
 
 
Malko-jauzia orobat
doa pausaren menpera;
besarkada bat, malko bat
eta denbora eten da.
 
 
“Ahantz ezazu mundua
hartu ene begirada.
Ikusi zure burua.
Begira: ederra zara”.
 
Minaren begirada