2023-12-20
Mikrofonoaren hanka
Mikrofonoaren hanka –
Hitza ez doa biluzik, gorputza darama. Abenduak gorputz asko bistaratu ditu oholtza desberdinetan, eta desberdin. Edo berdin bistaratu dituenak desberdin ikusi ditugu, ziurrenik. Abenduak ekarri dizkigu bi herrialdetako final, zortzina finalistarekin. Final horiei esker entzun ditugu, halaber, txapela jantzi dieten omenduak (lehenengoz?) bertsotan.
Gorputza etxeko sofan duenak zail du bertsokideen tentsioa sentitzen, ziur eta zurrun dirudite mikrofono hanken atzean eskuak patrikan edo bizkarrean ezkutatuz. Aulkia dute gotorleku bistako, mikrofonoaren atzeko itzal desiratua pentsatzeko gortina, eta mikrofono aurrea amildegi.
Abenduan fantasia ere izan da, eta Durangon glosadorak jardun dira bertsolariekin, Revers edo Kontrako eztarritik saiakeraren ahizpa-biki katalanaren bidez. Gorputzez galdetu zaie, eta glosadorak ikusi ditut mikrofonoak euskarri dituzten hanketatik atera eta guk beti gorputz aurrean izaten ditugun burdinazko hankak albora uzten. Gorputza aurrera bistaratzea iruditu zait bat-batean, gu mikrofono hanka batek babestu edo ezkutatuko bagintu bezala.
Farola baten atzean ezkutatu nahi duen zaldia nola; begiak estalita besteen begiradatik salbu sentitzen den haurra bezala; mikrofono hanka baten beste aldean, otorduko mahaiaren azpian bezala ezkutatzera ohitu gara. Hori gabe, zutik eutsiko gaituen hanka falta balitzaigu bezala sentitzen gara, hala ikusiko genituzke kideak ere.
Zenbateraino zaigu gure gorputzen (eta beraz ahotsen) euskarri hanka hori? Zenbat hitz trabatu birkokatu dugu mikroaren altura aurrez egokitua berregokitzeko aitzakian? Zenbat irudi aurkituko ditugu bertsolari hitza sarean bilatuz gero bertsolaria mikrofonorik gabe ageri dela?
Gorputzak ahotsaren aurretik abesten du, orri zuri bat da, dardarka. Mikrofonoak egiten du entzungarri, eta mikrofonoaren hanka du euskarri. Hanka jartzea zaigu oinak lurrera finkatzeko modua, hanka lasai ezin mugitua izaten da publizitatearekiko sentitzen dugun eragozpen handiena txapelketetan. Hanka sartzean sentitu izan dut, mikrofonoaren hanka besarkatzeko barne bulkada, eserlekuaren atzean ezkutatzekoa, bestela. Ze alternatiba geratzen zaigu? Botila ura hartu eta edan-itxuran aurpegia gorde hortzak estutuz, eta berriro jaikitzean mikrofono hankaren atzean paparra atera (edo bularra, zuk aukeratu).