2017-09-25
Mihise txuri bat
Mihise txuri bat –
Bertsoaldi bakoitza marrazteko dagoen koadro zuri bat da. Motiboa, teknika, margoa eta estiloa hautagai izaten ditu bertsolariak. Batzuetan gai-jartzaileak egiten du lehen zirriborroa eta horri koloreak edo elementuak gehituz osatu behar da irudia. Jokoaren parte da mihiseak agertzen dituen baldintzak istorioan integratzea; eta oso da interesgarri; ofiziotan esaterako, bi kolore nahastu eta emaitza inoiz ez delako tonu berbera.
Gai-jartzailea eta bertsolari bakoitza, ordea, artista bana da; mihise bera elkarbanatzen dute eta elkarlanean osatu behar da koadroa. Demagun, gai-jartzaileak esan duela: “zuek, haur baten gurasoak zarete; ikasturtea hastera doa eta umeak ez du eskolara joan nahi”. Gaia entzun orduko, bakoitzak buruan marraztuko duen bikotea ez da berdina izango, ez eta egoera, arrazoiak edo norbere pertsonaia ere. Esaterako, nik pentsa dezaket eguna lanean pasatzen duen ama bat naizela eta semea edo alabak eskolarako nagia duela … eta kantuan hastean entzuleek ere gurekin batera bidea egiteko traza garbiak nahi izaten dituztenez, lehenengo hasten denak irudia definitzera joko du. Batzuetan, “gure Leire” aipatze hutsak egingo du, edo bat-batean nik ume txikia irudikatu badut bertso-lagunari “DBHn hastera doa” entzuteak ere baldintzatuko du nire irudia.
Askotan gertatzen da irudi desberdinetatik abiatu eta batek besteak esandakoari men egin beharra koadro erdi koherente bat irten dadin. Beste batzuetan, kontrasteak are interesgarriago egiten du emaitza. Hala ere, norbere pertsonaia asmo batekin eraiki denean eta bertsokideak gure rola beste norabait eramaten duenean, bi aukera geratzen zaizkigu: edo egotzi digun deskripzioa onartu eta hortik segi bidea egiten, edo bertso bat galdu bere deskribapenari borragoma pasa eta gainetik zirriborratzeko.
Horra, beraz, ditxosozko konplizitatearen beharra. Gertatu izan zait pertsonaia batekin estereotipoa hautsi nahia garbi ikustea, eta bertsokideak beste bide bat hartzea. Ziurrenik, nik ere egingo nion beste hainbati. Batzuetan, merezi du mihisearen aurrean jarri eta bien artean doinua adosten den moduan estiloa eta kolorea ere adostea. Bestela, posible da hasi eta lehen bertsotik lagunaren arrazoiketa osoa pikutara bidali izana.
Eta bertsolaria entrenatu egiten da, tresnak garatzen ditu norbaitek bere pertsonaia nahi ez duen modura margotuz gero diskurtso horri buelta emateko, edo bateratzeko, edo ezabatzeko … Norbere marrazkiari tokia egiteko. Hori pertsonaiekin ondo egitera iristen dira asko. Baina gero oholtzara ateratzen gara eta jendeak margotu egiten gaitu, aurreiritziz edo etiketa hutsez. Ak gai bati sakonetik heldu nahi dio baina bera zutitu orduko jendea barrez ari da, bere bertsolari irudian txiste bat margotu duelako; Bk plazan ez du bakarkakorik egiten ez diotelako horretan distirarik ikusten, eta bera ere sinesten hasia da ez dela pintzel horren jabe …
Gure pertsonaiak besteen hitzekiko inpermeable egin nahi ditugu eta mikrofono aurrean geratzen gara, pintura orbanez zikin, gure baitan erabaki ez dugun koadro oso bat agertuz.