2020-11-09
Merke
Merke-
Pasa den egunean, garaztar lagun batekin mintzatzen ari ginela eta, ohartzen gara frantsesez ez dagoela hitzik “merke” errateko. Zerbait merkea dela errateko, “ez dela kario” formulatu beharra dago. Merketasuna garesti ez izatearen bidez adierazten da frantses hizkuntzan, bere burua hain handi eta noble nahi duen Argien mintzaira berdinean. Ez dezatela gero erran euskara dela lexikoz mugatua eta atzeratua. Baina ondo pentsatu ondotik, ez da harritzekoa “merke” hitzaren inexistentzia hau. Dena hain garesti ordainarazten duen Frantziar estatuak ezin zuen hain gutxitan erabiliko zuen hitza onartu bere hiztegian.
Garesti ordaintzen dugu gure izatea bera, euskaldunok, frantziar botere burgesak gure hizkuntza arbuiatzen, zapaltzen eta merkantilizatzen duenean, ezpeletako biper eta ardi gasna artean. Euskara bi sosen truk saltzeko bada, hor bai indarrak eginen direla, kapitalaren akumulazioaren izenean. Izan merke edo garesti.
Garesti ordaintzen dugu gure bizitzaren beste hainbat esparrutan, arlo produktibo zein erreproduktiboan. Baina hori ez da soilik Frantziaren kasua: ekoizpen eredu kapitalista zabaldua den herrialde guzietako langileek jakin dezakete zer den goizero zapalduaren paperean esnatzea. Baina frantziar lurralde administratiboan giltzapeturik gaudenok, gainera, krisi sanitarioaren ondorioak jasan behar ditugu konfinamenduz mozorroturik, etxea-lana-etxea ekuazio kate amaigabean. Abisa nazala askatasuna zein supermerkatutan erosten den dakienak.
Garesti ordaintzen dugu poliziaren etengabeko presentzia eta indarkeria, eta are garestiago pagatuko dugu gerora, bozkatu nahi duten lege berriarekiko. Bertan adierazia denez, laster zigortua izanen da bortizkeria polizialen irudiak ateratzea eta partekatzea. Adierazpen askatasuna mailukatua den munduan, lehen zientzia fikziotzat jotzen nuen artistikoki salatua den zerbait epaitzearena, baina geroz eta errealago egiten zait egun batean kopla txiki batean salatu egia borobil batengatik zigortuko gaituztela bertsolariok ere, dena kameretan gakatua den gizarte honetan.
Merke hitza ez da iñoiz existitu frantses hiztegian. Baina zapalduok ondo dakigu zer ordaintzen dugun eta zein preziotan.