Eneko Fernandez
Eneko Fernandez

2023-10-25

Merkatua

Merkatua –

Duela hilabete ailegatu zela udazkena gurera (izenez gehiago izanez baino, uda bete betean geundela iruditu baitzaigu, eguna joan eta eguna etorri) eta hori, Baztan-Bidasoan gutxienez, ferien sinonimo izaten da. Urriko azken asteburuan Elizondon ospatzen da. Bi asteren buruan normalean, Doneztebek hartzen dio lekukoa. Eta azaroa bukatzen ari denean, ailegatzen da lesakarron txanda. Aurten azaroaren 23an, ortzegunez,  ospatuko dira Lesakako feriak, 1499an Nafarroako errege-erreginek emandako eskumena baliatuz. Egitarau zabala aurkituko dugu bertan, ezinbertzekoak diren azienda erakustaldi eta artisau erakusketaz gain. Herri Kirolak izanen ditugu plazan eta bertsolariak ondotik (aurtengo honetan Uxue Alberdi eta Julio Soto hurbilduko zaizkigu gurera). Arratsaldean, pilota partidak izanen ditugu herriko frontoian eta dantzaldia herriko plazan. Horri jendearen bestarako grina gehituko diogu, gosariak eta bazkariak ugaritzen baitira egun horretan.

Merkatua

 

Egun benetan ederra, hurbildu nahi duzuenentzako. Baina gaur kontatu nahi dizuedana ez dago egun horretan burutuko den bertso saioarekin lotuta, nahiz eta zeharkako lotura duen feria egunarekin. Feria egun honen ospakizun gisara, lesakar talde batek merkatu afaria delakoa ospatzen du Kasino Jatetxean.  Bi astetik behin elkartzen dira, ortzegunetan. Menu berdina izaten dute jateko. Adineko taldea da, gazteenak 60 urtetik goiti baititu eta 80 urtetik goitikoak ere bertan topatzen ditugu. Eta zer du berezi talde honek? Ba beraien zaletasun handiena afalostean bertsotan aritzea dela. Bat-batean 3 dira animatzen direnak eta bertze guztiak adi. Bertso zaharrak ere kantatzen dituzte, afaria bukatu eta gero, Etxeberria Ostatuan elkartzen direnean azken tragoxka hartzera. 

Ba aurten Bertso Eskolakooi afari honi keinu bat egitea otu zitzaigun. Normalean azaro inguruan Gaztain jatea antolatzen genuen. Iaz Gaztain jatearekin zikloa bukatuta zegoela iruditu zitzaigun eta bide berri bati atea zabaltzea erabaki. Ez pentsa, gure zalantzak eduki ditugu saioa non kokatu. Jubilatuen Ostatuan kokatzea pentsatu genuen. Ez zitzaigun momentua iruditu. Alhondiga azpiko arkupetan egitea ere izan genuen burutan. Hotz gehiegi urrirako agian. Estitxuk whatsapp bidez luzatu zigun proposamena. Nola ez eraman bertso otordu bat,  bertsoa hainbertze maite den eremura?

Urteak daramatzate merkatu afaria egiten, beraz aitzinetik beraiekin solastu beharra zegoen, ideia guri bezainbertze gustatuko zitzaien jakiteko. Iruditu zitzaigun aukerarik onena beraiek bertsolariak aukeratzea zela, horrela ekimena beraiena ere sentitzeko asmoarekin.  Ondorioz, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze izan ziren aukeratuak (Zeinek eztabaidatu dezake aukeraketa hori?). Urriak 18 zen hautatutako data. Eta berezitasun bat: saioa udalak diruz lagunduta zenez, edonori irekia izan behar zen. Hori zen gure bertze kezketako bat. Bertso saioa ohiko lekuetatik aterata, formato berri honetan jendeak erantzunen ote zuen? Gure zalantzak gutxi iraun zuen, jendea lekurik gabe gelditu zelako. Ortzegun buruzuri batean, 60 pertsona Kasino Jatetxean. Eta nahi genuen hura gertatu zen, Merkatu afariak ez baitzuen xarmarik galdu kanpotik jendea gehituz. Are gehiago, bertso saioa osagarri bilakatu zen bi ortzegunetik behin jatetxean osatzen den giroarentzat, ez zirelako Aitor eta Sebastian izan bertsotan aritu ziren bakarrak.

Garrantzitsua da bertsoarentzat espazio berriak irabaztea, formato berriak bilatzea, garaiko adierazpide kultural ezberdinetara hurbiltzea… baina mantendu ditzagun bertsoa bizirautea ahalbideratu duten eremu klasikoak ere. Merkatu afaria eta antzeko plazak ezin ditugu galtzen utzi!

Merkatua Merkatua