Felix Zubia
Felix Zubia

2021-04-16

Memoriak mantentzen nau

Memoriak mantentzen nau –

Doinua: Mutil koskor bat

 

 

1.Urte gehiegi ez ote dira

Laurogei eta hamalau,

Besteren menpe bizi beharra

Bada goizeroko arau.

Une guztiak berdinak dira,

Gauza gogorra dugu hau,

Gorputza daukat motel-motela,

Buruak bizirik dirau,

Beste gauzarik ez daukat eta

Memoriak mantentze nau (bis).

 

2. Hankak zimeldu ziren zeharo,

Oinik ezin gora jaso,

Gorputza mehea baina astuna,

Badaukat nahiko arazo.

Grua batekin altxatzen naute

Zintzilika, mantso-mantso,

Neure barruan bakarrik baina

Badut nahiko une gozo,

Pagoetako bidean gora

Joaten naiz pausoz pauso (bis).

 

3. Mintzak erabat lehortu zaizkit,

Ezin igarri usaina,

Zapore denak galdu dituen

Espartzua da mingaina,

Ia berdin zait purea dugun,

Haragi edo arraina,

Larunbatean nire buruan

Festa egiten dut baina,

Bisigu baten zapore gozoz

Ematen diot ordaina (bis).

 

4. Bista guztia bajatua zait,

Dena da lauso, itzala,

Argitasuna justu-justuan,

Errainu ahul, apala.

Memorian barruan dauzkat

Hainbat irudi, aibala,

Santa Barbara gainetik bada

Hain ikuspegi zabala,

Zarautz oraindik ikus nezake

Bertan banengo bezala (bis).

 

5. Belarri biak gortuak ditut,

Zein egoera mingotsa,

Zaintzaile denek nolako lana,

Niretzako, a zer lotsa.

Musika orain ezin sentitu,

Abestiez ezin goza,

Baina barruan nabaritzen dut

Berriz olatuen hotsa,

Lagunarteko kantuak eta

Gure Amaren ahotsa (bis). 

 

6. Egun guztian ohean nago

Estatuaren antzeko,

Beste norbaiten premia daukat

Jaiki eta mugitzeko.

Kanpotik ezin ezertxo jaso

Ezintasunak tarteko.

Nire barruko lagun dut Aita,

Ama, Osaba, Izeko,

Noiz helduko da nire unea

Berriz haiekin biltzeko? (bis)

Memoriak mantentzen nau