2020-09-04
Medikuen kontuak
Medikuen kontuak-
Doinua: Norteko ferrokarrila
1.Medikuaren ofizioa,
Hain handi, hain bedeinkatu,
Bizitzak daude jokoan eta
Serio beharko hartu.
Baina momentu barregarriak
Noizbait direnez gertatu,
Bertsotan jarri eta bilduta
Nahi nizkizuen kontatu.
2.Hau Zumaiako aitonatxoa,
Don Juanengana joana,
Eguneroko lagun zituen
Zigarro eta edana.
“Utzi guztiak derrepentean”
Medikuaren esana,
Baina ez dugu nolanahikoa
Gure aitona otzana.
3.Patrikan zuen metroa hartuz,
Mahaian jarri zuen, tinko,
“Begira Don Juan, esango dizut,
Nahiz naizen kontu gutxiko.
Zerotik hasiz, laurogeiraino,
Neurean egon naiz, kito,
Bukaerako muturragatik
Ez dut ezertxo utziko”.
4.Tolosakoa, Don Eustakio,
Benetan mediku fina,
Igande goizez tabernan zena,
Lanetik kanpo, jakina.
Gizon bat hortxe joan zitzaion,
Hori da eutsi ezina,
“Don Eustakio, nondik sortu da
Nire belauneko mina?”.
5.“Erantzi galtzak ikus dezadan”
Eustakiok esan, hara,
“Hemen tabernan, denen aurrean”
Gizonak hori ikara.
Eustakiok, berriz, “Inuzentea,
Non galdetu didak, bada?
Bakean dena bakean utzi
Eta bihar kontsultara”.
6. Azkena berriz, neuri pasea
Hasi berria nintzela,
Gogoa nuen gainezka baina
Bajo xamarra nibela.
Emakume bat nuen parean,
Zorabio bat zuela,
Eta nik dena galdetu behar
Arauek esan bezela.
7.“Hartzen al duzu botikaren bat?”
Galde modu egokian,
Andreak hori hitz jarioa
Galderaren aitzakian.
Depresioa izan zuela,
Orain poza bekokian,
“Sexoral” hartuz goizean goiztik
“Seroxat”aren tokian.
8.Mediku batek bizitzan hainbat
Tristura eta haserre,
Heriotzari, momentu txarrei,
egin behar die aurre.
Gertatzen dena, gertatzen dela,
Barrua zergatik erre,
Lehendabizikoz egin iezaiozu
Zure buruari barre.
Medikuen kontuak-