Oihane Perea
Oihane Perea

2021-03-03

Martxoak 3ari jarriak

Martxoak 3ari jarriak –

Doinua: Gaur forjariak lana utzirik

 

1

Istorio hau hasi zenean

Gasteiz ez zen orain dena

Franko zebilen auzoak sortzen

Gure hirian barrena

Etorkin ziren 10etik 5

Ta euskara zen falta zena

Seminarioko pasilloetan

Soilik entzuten zutena

 

Baina batzuek udaberria

Nahi zuten herriarentzat

Diktaduraren katea hautsi

Eraiki herri aske bat

Bide berriak zabal zitezen

Haien seme alabentzat

 

Mila bederatziehun

Ta hirurogei bueltan

Araba euskaldun bat

Zuten ametsetan

Erresistentzia zen

Kantu ta dantzetan

Hartza esnatu zuten

Mairulegorretan

 

2

Amak kartzelan zegoenean

Entzun zuen notizia

Frankorentzako heriotza ta

Herriarentzat bizia

Asanbladetan, barrikadetan,

gau-eskolan ikasia

Izan zen gure belaunaldia

Ernaldu zuen hazia

 

Urtarrilean matxinatu zen

Arabako forjaria

Klase kontzientziak elkartu zuen

Gasteizko langileria

Berriro ez zen Gasteiz izango

Apaiz ta fatxen hiria

 

“Ez ba digute  ematen

Arrazoia guri

Ez ba digute ematen

Behar legez ongi

Su emango diogu

Gure fabrikari

Eta nagusiaren

Etxe guztiari”

 

3

Zortzi orduko lan egunak ta

Soldata duina buruan

Hilabeteko oporraldia

Etena asteburuan

Ikasten eta zaintzan zeudenak

Batu ziren segituan

Herri osoa kalera irten

Zen martxoaren hiruan

 

Auzorik auzo elkartu ziren

Eta Asanbladak egin

Iritsi arren Zaramagara

4000 langilerekin

Hausterre egunak kea utzi zuen

Fraga pozik egon zedin!

 

“Entren con todo. Cambio”

Poliziak lehiotan

Ke poteak elizan

Ta irtetzekotan

Egurra guztientzat

Kolpe ta tirotan

Justizia nun egon da

Mende erdi hontan?

 

4

Mundura ekarri gintuzten gero

Eta behar zen kabia

Eskubideak, erakundeak

Hizkuntzarentzat argia…

Baino urteak pasatu arren

Kalea ez dago garbia

Lurrean daude haien odola

Eta zuen izerdia

 

Amets guztiak harrez geroztik

Nahiz ez bete, behar bada

Barrikadaren alde berean

Hiru belaunaldi gara

Borrokatzeak merezi du ta…

Goazen berriro plazara!

 

Martxoak 3ari jarriak

Martxoak 3ari jarriak